Epaituko dituzten lagunek eta hainbat herritarrek agerraldia egin zuten atzo Loiolan. (Julene Frantzesena)
2014ko irailaren 22an Loiolako Askegunean egin zuten herri harresian atxilotu zituzten bi lagunak hilaren 26an epaituko dituzte Donostiako Lurralde Auzitegian. 11:30ean hasiko da auzi saioa, eta epaitegiaren atarian elkarretaratzea deitu dute 11:00etarako. Akusazioak 21.292 euroko eta hiruna urteko espetxe zigorra eskatzen du Esteban Orbegozo azpeitiarrarentzat eta Beñat Hach Embarek ormaiztegiarrarentzat, desobedientzia eta autoritatearen aurkako atentatua leporatuta. Aldiz, fiskalak zortzi hilabeteko zigorra eskatu du, desobedientzia eta erresistentzia delituengatik.
Auzipetuek, Eleak eta Libre mugimenduko kideek, hainbat herritarrek eta Azpeitiko Udal Gobernuko kideek agerraldia egin dute gaur Loiolan, epaiketaren gaineko xehetasunak agertzeko eta auzipetuei babesa emateko. Agerraldian adierazi dutenez, atxilotu zituztenean autoritatearen aurkako atentatua leporatu zieten bi lagunei, baina Ertzain-etxean bertan jakin zuten kargu hori kendu zietela. "Ertzaintza herri harresia desegiten ari zela ertzain bat erori egin zen eta ospitalera eraman zuten. Ertzaintzak gu biok atxilotzea erabaki zuen, autoritatearen aurkako atentatua leporatuta. Baina ordura arte ez genuen kontaktu fisikorik ere izan Ertzaintzarekin. Ospitaleratu zuten ertzainaren testigantza entzun eta harresiko irudiak ikusi ondoren, halakorik ez zela gertatu ohartu ziren", azaldu du Orbegozok.
Urtarrilaren 22an Loiolan egindakoa "erresistentzia baketsua" izan zela eta Ertzaintza jendea harresitik ateratzen "bortizki" aritu zela azaldu du azpeitiarrak. "Harresian ziren beste lagun guztiak bezala, besoekin gure alboetan genituenei eustera mugatu ginen gu. Ni odoletan atera ninduten, sudurrean kolpe gogor bat eman eta gero. Harresitik atera ondoren, atxilotuta eramango gintuztela jakinarazi ziguten. Polizia etxetik ateratzean jakin genuen zein zen arrazoia".
Orbegozok salatu du erori zen ertzainak "probetxua atera" nahi izan diola egoerari: "Testigantza aldatu zuen beranduago. Bigarren lekukotzan esan zuen kolpatu egin genuela, eta bere lesioak horren ondorio zirela". Hori dela eta, Ertzaintza epaiketara akusazio partikular gisa aurkeztu dela jakinarazi dute, autoritatearen aurkako atentatuta eta desobedientzia leporatuz.
Akusazioak, gainera, epaiketa egiteko fidantza eskatu zuela salatu dute auzipetuek. "Bion artean 21.292 euro ordaindu behar izan genituen, eta ordainketa egiteko 24 ordu besterik ez zizkiguten eman. Hori astakeria bat da, gure bizitzak hankaz gora jarri dituzte. Herritarroi ezin zaigu tamaina horretako kantitaterik eskatu halako epe laburrean, edozein etxeren martxa lehertzen baitu". Orbegozok dio "tamalez" hori dela legea orain, "eta badira gure ataka berean dauden beste hainbat lagun".
Hilaren 26ko epaiketara "harro bezain apal" joango direla esan du Orbegozok. 2014ko irailaren 22an Loiolako herri harresian babestu zituzten gazteak "militante politikoak" zirela "eta ez besterik" esan du azpeitiarrak, eta gaineratu du "oso harro" daudela beren herriak eta auzoak hobetzeko lan egiten duten gazteez: "Gerora jaso zuten absoluzioak are garbiago uzten du hori". Horrez gain, azaldu du "erresistentzia baketsuaz harro" daudela, eta epaiketara "muntaia salatzera eta eskubide politikoen aldeko jarrera berrestera" joango direla.
Loiolan Askegunea duela bi urte baino gehiago egin zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu behar zituzten 28 gazteetako bostek epaiketara ez joatea erabaki ostean. Loiolan muntatu zuten Askegunea, eta ehunka herritar izan zen bost gazte haiei babesa ematen. Hilaren 22an, berriz, herri harresia osatu zuten Segiko kideak izatea egotzita 1/12 sumarioan auzipetuta zeuden Jazint Ramirezi, Irati Tobarri, Igarki Roblesi, Xabier Arinari eta Imanol Salinasi babesa erakusteko. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Angela Murillo epaileak haiek atxilotzeko agindua eman zuen. Hiru ordu inguru behar izan zituen Ertzaintzak Loiolan eraikirako herri harresia desegiteko eta bost auzipetuak atxilotzeko.