Beñat Aldalur, ISB-ren taldearen zuzendaria: "Badakit egunean bertan kirioak dantzan jarriko zaizkidala"

Julene Frantzesena 2017ko urt. 17a, 09:46

Beñat Aldalur izango da ISBren taldearen zuzendaria. (Maialen Etxaniz) Beñat Aldalurrek (Azpeitia, 1992) zuzenduko du ISBren talde berria. Zer dela-eta zuzendari? Mendizaleekin atera naiz danborra jotzen azken lauzpabost urtean. Aurten, ISBk taldea ateratzea erabaki du, eta haiekin irtengo al nintzen galdetu zidaten. Zuzendari ateratzea nahi nuela-eta aukerarik ba al zegoen galdetu nien. Baiezkoa jaso nuenez, ni izango naiz zuzendaria. Lehengo astean egin zenuten lehen entsegua. Gehiago jardun al duzu? Abestiak nahikoa menperatuta nituen joan den ostegunerako. Baina mendizaleek barrikak jotzen dituzte, eta ISBkoek danborrak. Beraz, aldea badago. Horregatik, Unai Frantsesenari sansebastianetako abestien diskoa eskatu nion, eta hura jarrita aritu naiz etxean entseatzen. Nola sentitu zinen lehen entseguan? Pentsatzen nuena baino lasaiago. Nahiko lasai egon nintzen. Lehen abestian estuasun pixka bat pasatu nuen, baina handik aurrera lasai eta gustura aritu nintzen. Zein da kantarik zailena? Eta errazena? Abestien izenak justu-justu dakizkit, baina zailena Tatiago iruditzen zait. Errazena, berriz, San Sebastian martxa. Artalde zintzoa al daukazu? Denetarik dago, baina adin pixka bat badute taldeko kideek, eta ondo portatzea espero dut. Esperantza horrekin nago, behintzat. Osteguna gerturatzen ari da... Oraindik lasai nago, eta uste dut osteguna iritsi arte hala egongo naizela. Halere, badakit egunean bertan kirioak dantzan jarriko zaizkidala. Baina, beno, nola edo hala moldatuko gara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide