Ene Kantak egitasmoa 2011n sortu zuten Urko Oskozek eta Nerea Urbizuk, «haurrentzako euskarazko abestien faltari» aurre egiteko helburuarekin. "Euskarazko material gutxi zegoen haur txikientzat, eta gure lagunak elkartu eta dantzan nahiz abesten jartzea erabaki genuen", azaldu du Oskozek.
Nafarrak dira proiektuaren bultzatzaileak, eta euskalgintzara bideratzen dute Ene Kantak egitasmoaren bitartez biltzen duten diruaren zati bat. "Euskara sustatzeko lan egiten duten taldeei-eta laguntzen diegu. Orain arte lagundu ditugu: Sortzen Ikasbatuaz elkartea; Euskalerria Irratia; Mailope Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberriko aldizkaria; eta Nafarroako Bertsozale Elkartea. Aurten, berriz, Berria egunkaria lagunduko dugu".
Hasieran disko "bakarra" egitea zuten helburu proiektuaren sustatzaileek, baina "jendeak gehiago" eskatzen zituenez, 2016an bosgarren lana aurkeztu zuten: Astonauta. Bihar Azpeitian izango dira Ene Kantakeko kideak lan hori aurkezten. 16:30ean hasiko da emanaldia, Soreasu antzokian. Dagoeneko ia sarrera guztiak salduta daudela adierazi dute Kulturaz kooperatibako kideek.
Hainbat kolaborazio
Iazko urtarrilean hasi ziren Astonauta lana prestatzen. Oskozek dioenez, "oinarria" grabatu zuten orduan. Lan kontuak tarteko, udan jarraitu zuten grabaketarekin.
Ene Kantakekoek sortzen dituzten abestiak "dantzagarriak, berriak eta errazak" dira, eta batzuetan lehendik eginda dauden abestiak "berritzen eta moldatzen" dituzte. Ondoren, abesti bakoitzaren bideo bat grabatzen dute, "koreografia errazekin".
Aurreko diskoetan moduan, Euskal Herriko arlo desberdinetako pertsona ezagunek parte hartu dute Astonauta CD-DVDko bideoklipetan. Izan ere, lan horretan hamasei kanta eta bideo jaso dituzte, eta, besteak beste, kantuan eta dantzan aritu dira Natxo de Felipe Oskorriko abeslari eta musikaria, Alex Sardui Gatibu taldeko abeslaria, Mikel Markez kantaria, Sara Cozar aktorea, Amets Arzallus bertsolaria nahiz Jone Guarrotxena, Mikel San Jose, Oier Sanjurjo, Markel Bergara eta Imanol Agirretxe futbolariak. Gainera, hainbat herritako umeek parte hartu dute bideoetan.
Oskozek azaldu duenez, argitaratu dituzten lan guztietan saiatu dira Euskal Herrian ezagun diren pertsonen kolaborazioak biltzen.
Iaz, "arrakasta"
Ene Kantak proiektuak harrera "oso ona" izan duela dio Oskozek. Azken lana Durangoko Azokan aurkeztu zuten, eta jendea "pozik" zen lanarekin. "Youtuben eskegita ditugun abestiek ikustaldi ugari dituzte, eta gustura gaude".
Emanaldi ugari egiten dituzte Ene Kantak egitasmoaren barruan. Oskozek dioenez, azken hamabost egunetan hamabi emanaldi egin dituzte. "Ia-ia egunero ari gara emanaldiak eskaintzen. Halere, irakasleak gara proiektuko kideok, eta asteburuak izaten ditugu libre. Beraz, jai dugunean eta deitzen gaituztenean, gustura joaten gara batera edo bestera". Oskozen arabera, "zaletasuna" dute proiektua, eta beren helburua da "euskara sustatzea, haurrek euskaraz abestea eta haiek jostatzea".
Ene Kantakeko kideek ez dute biharkoa Azpeitian eskaintzen duten lehen emanaldia izango: iaz, Oneka marrazoa ikuskizunarekin izan ziren herrian, eta "inork ezagutzen" ez bazituzten ere, Sanagustin kulturgunea goraino bete zela dio Oskozek.