Nuarbeko Ibai-Eder urtegiaren alerta egoera "ez da kezkatzekoa"

Julene Frantzesena 2017ko urt. 6a, 11:59

Gipuzkoako Urakek dio euririk egin ezean, beste urtebeterako ur hornidura "bermatuta" dagoela. Alerta egoera urtegien larrialdi protokoloaren barruko "egoera jakin bat" dela azaldu dute

Urtegia erdi hutsik dago egunotan. (Mailo Oiarzabal) Gipuzkoako hainbat urtegi alerta eta aurre alerta egoeretan daude, ur faltagatik. Azpeitiko Nuarbe auzoko Ibai-Eder urtegia, esaterako, alerta egoeran dago, haren edukieraren erdia baino gutxiago, %47,32, baitago beteta. Ibai-Ederrek 11.300.000 metro kubikoko edukiera dauka, eta gaur egun duen ur bolumena 5.500.000 metro kubikokoa da. Urtegi horrek 68.649 biztanleri eskaintzen die ur hornidura, eta Gipuzkoako urtegirik handiena da. Mikel Zubizarreta Gipuzkoako Urak SAko ordezkariak Urola Kostako Hitzari azaldu dionez, "kota baxua izan arren, oraindik ere ur asko" du Nuarbeko urtegiak. "Euririk egingo ez balu, ia beste urtebeterako ur hornidura bermatuta dago, gutxi gorabehera". Hark adierazi duenez, alerta egoera urtegien larrialdi protokoloaren barruko "egoera jakin bat" besterik ez da. "Horrek esan nahi du kota azken urteotako batez bestekoaren azpitik dagoela, eta, ahal bada, neurriak hartzen edo zer egin daitekeen aztertzen hasi behar dela". Halere, Ibai-Ederrek egunotan duen ur bolumena kontuan izanda, "ur hartuneen kontrola eta kontsumoaren erregulazioa bideratzen" ari direla jakinarazi du. Egoera okertuko balitz, gainera, urtegien arteko konexioak egiteko aukera ere badutela esan du. Egoera "kezkatzekoa ez" dela dio Zubizarretak, "euria egingo duela argi baitago". Hark dio urtarriletik maiatzera edo ekainera bitartean "euri asko" egiten duela inguruan, eta, "horren zain" daudela. "Hilabete horietan euri asko egiten duela baieztatzeko adibide garbia izan da 2016a. Gainera, eguraldi iragarpenen arabera, urtarrilaren erditik aurrera euria egingo du, eta, egiten duen euri kantitatearen arabera, baina bete egingo dira urtegiak". Horrez gain, esan du uraren maila "hain baxua" den lehen aldia ez dela oraingoa: "Ibai-Eder egin zenetik, kota hauek baino baxuagoak izan dira". "Ez da salbuespena" Azpeitiko Ibai-Eder ez ezik, alerta egoeran dira Beasaingo Arriaran (%43,93), Aretxabaletako Urkulu (%62,61) eta Ataungo Lareo (%64,26). Aurre-alerta egoeran daude, berriz, Baliarraingo Ibiur (%67,07), Elgetako Aixola (%79,78) eta Legazpiko Barrendiola (%79,94). Datu horiek ikusita, Zubizarretak azaldu du Azpeitiko urtegiaren egoera ez dela "salbuespena", eta gogorarazi du Gipuzkoako urtegi garrantzitsuenek urtebeterako ur hornidura "bermatuta" dutela: "Badira Ibai-Ederrek baino betetze maila altuagoa duten urtegiak ere".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide