Ekonomia sustatzeko 300.000 euro banatu eta 86 proiektu lagundu ditu Azpeitiko Udalak

Urola Kostako Hitza 2017ko urtarrilaren 5a

Azpeitiko Udalak ekonomia sustatzeko proiektuak garatzeko inoiz baino diru laguntza eskaera gehiago jaso ditu 2016an. Orotara, 86 proiektuk jasoko dute laguntza, eta proiektu horien bidez, 22 lanpostu berri sortuko dituzte. Aurten 50.000 euro gehiago bideratuko ditu udalak Sustapen Planera; hau da, 350.000 euro.

Agustin Lizarralde zinegotzia, Estitxu Elduaien zinegotzia eta Iñaki Zabaleta Azpeitia Berritzeneko ordezkaria. (Azpeitiko Udala) Azpeitiko Udalak 300.000 euro banatu ditu Sustapen Planari esker, eta 86 proiektu lagundu ditu "ekonomia indartzeko eta langabeziari aurre egiteko". Udalak 89 eskaera jaso ditu guztira, baina "arrazoi desberdinak" tarteko hiru baztertu egin ditu. Hala, 86 proiektuk jasoko dute laguntza, eta horietatik 22k lanpostu berriak sortuko dituzte merkataritzan edo lehen sektorean.

Agustin Lizarralde Ekonomia saileko batzordeburuak azaldu dutenez, "industrian eta enpleguan eragitea" da Sustapen Planaren xedea: "Enplegua sortzea da gure helburua, baina kalitatezko enplegua, eta hori da gaur egun gure kezka nagusia". 2016ko Sustapen Planak izan duen harreraren "balorazio positiboa" egin du udalak; izan ere, eskaera gehien jaso duten urtean izan da eta hori "seinale ona" dela uste dute. "Enpresetara udalak egindako bisitetan ere nabarmendu dugu enpresek badituztela aurrera egiteko ideiak eta asmoak, eta plan honek horiek gauzatzeko aukera eskaintzen die", azaldu du Lizarraldek. "Azpeitiak 2016an izan duen langabezia tasaren beherakada nabarmenetik haratago, Sustapen Planak azken urteotan izan duen harrera ikusita, ondo ari garela uste dugu. Urtez urte gero eta gehiago dira eskaerak, eta laguntza horien bidez sortzen diren lanpostuak", esan du Estitxu Elduaien zinegotziak.

Laguntzen banaketa

Udalak Sustapen Planeko 300.000 euroak lau laguntza lerrotan bereizita banatu ditu. Merkataritza arloan eta lehen sektorean enpleguaren sustapena finantzatzeko proiektuetarako 49 eskaera onartu dituzte, eta horietatik 22 eskari kontratazio berriak egiteko izan dira eta hamaika Alde Zaharrean jarduera berriak ezartzeko. Horrez gain, industria proiektu estrategikoen edo berritzaileen bitartez enplegu sustapena finantziatzeko hamalau proiektu aurkeztu dituzte, eta, besteak beste, Azpeitian kokatuko den enpresa garrantzitsu berri bat lagundu dutela jakinarazi dute. Gainera, ekintzailetasuna sustatuta enpleguaren sorrera bultzatzeko 22 eskaera jaso dituztela adierazi dute udal ordezkariek, eta bi proiektu sozial ekintzailek ere egin dute eskaera.

Udalak jakinarazi duenez, 2013an Sustapen Plana martxan jarri zutenetik 272 proiektu lagundu ditu erakundeak diruz, "ekonomia indartzeko eta enplegua sortzeko".

Baliabide gehiago aurten

2017rako aurrekontuak abenduan onartu zituen Azpeitiko Udalak, eta hasi berri den urterako milioi bat eurotik gora bideratuko dituzte ekonomiara, enplegua sustatzera eta formaziora; 1.069.021,38 euro, hain zuzen ere. "Gure lehentasuna dela diogu behin eta berriz, eta horixe islatzen dugu urtez urte aurrekontuen eta gure politiken bidez", adierazi du Elduaienek. Sustapen Plana ere indartu egingo dutela adierazi du hark, eta esan du 350.000 euro bideratuko dituztela aurten ekonomia sustatzera: "2016an asko igo dira eskaerak, eta plan honek emaitzak ekartzen dituela ikusita, aurtengorako diru poltsa handitzea erabaki dugu. Horixe baita gure lehentasuna, emaitzak ematen dituzten proiektuak indartzea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide