Agus Barandiaran kontzertu batean. (Korrontzi)
Korrontzi Benefic proiektuaren barruan, kontzertu berezia eskainiko du Korrontzi taldeak gaur, ostirala, Soreasu antzokian, 20:00etan hasita. Musika eta dantza uztartuko dituzte emanaldian, eta eskainiko dituzten hiru kontzertuetan azkena izango da gaurkoa. Hilaren 27an Gasteizen emandako kontzertuan jendetza izan zen, eta atzo Bilbon eskaini zutenerako sarrera guztiak agortuta zeuden aspalditik. Azpeitikorako gelditzen dira sarrera batzuk, eta Agus Barandiaran (Maruri-Jatabe, Bizkaia, 1975) Korrontziko trikitilariak herritarrei Soreasura bertaratzeko deia egin die. Sarreretatik eta diskoaren salmentatik jasotzen duten dirua gobernuz kanpoko bi erakunderi laguntzeko izango da.
Korrontzi Benefic-ekin zabiltzate orain buru-belarri.
Hilaren 27an eskaini genuen Korrontzi Benefic-en lehen kontzertua Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian, eta 2.000 pertsona inguru bertaratu ziren. Izugarria izan zen, oso gustura aritu ginen. Sarrera asko eta disko asko saldu genituen. Korrontzi Benefic-ek bi atal ditu: diskoa eta kontzertuak. Diskorako kantu berezi eta berri bat egin dugu umeentzako, haiek irribarre eta dantza egin dezaten. Abesti horretan parte hartu dugu Korrontziko kideok, Xabier Zabalak, Pirritxek eta Porrotxek, Xabier Berasaluze
Leturiak eta beste hainbatek, eta kantu hori sartu dugu disko batean. Disko hori salduta ateratzen dugun dirua gobernuz kanpoko bi erakunderi emango diegu, kontzertuetako sarreretatik jasotakoa bezalaxe. Diskoa salgai izango da kontzertu benefikoetan, eta, hiru kontzertu benefikoetan azkena izango da Azpeitikoa. Izan ere, atzo Bilboko Campos Eliseosen izango ginen.
Zein erakunderi laguntzeko sortu duzue proiektua?
TDH-Gizakien Lurra eta Aitzina-Aefat elkarteentzat. Gizakien Lurra mundu mailako erakundea da, baina Euskal Herrian delegazioa dauka. Euskal Herriko delegazio horrek Afrikatik gaixorik dauden eta ebakuntzaren bat behar duten umeak ekartzen ditu hona, han ez dutelako horretarako ez modurik, ez biderik. Euskal Herrian harrera familiek hartzen dituzte haur horiek, eta denboraldi bat igarotzen dute hemen, sendatu bitartean. Osatutakoan bueltatzen dira beren jaioterrira. Hemen igarotzen duten egonaldian, ebakuntzaz eta mediku zerbitzuaz gain, ikasten jarraitzen dute, eta umeek euskaraz ikasten dute. Batzuk ezagutu ditut, eta polita izan da esperientzia. Lagunduko dugun bigarren erakundea da Gasteizko Aitzina-Aefat. Atacxia gaixotasun arraroaren inguruko elkartea da. Uste dut Espainia guztian gaixotasun hori duten 20 bat kasu soilik daudela, eta horietako bat Euskal Herrikoa da: Jon izena du, eta Gasteizkoa da. Haiei laguntzeko, behar dutenean gastatzeko eta gaixotasun horren ikerketan aritzeko bideratuko dugu dirua erakunde horretara.
Dozena inguru dantza taldetako kideak izango dira oholtzan zuekin batera... Zer motatako kontzertua izango da?
Korrontzi Beneficeko hiru kontzertuak oso antzekoak dira. Nahi izan dugu gure ibilbideko errepertorioa eta lan egin dugun dantzari guztiak bildu emanaldietan. Hori dela-eta, kontzertu bakoitzean Euskal Herri osoko hamahiru dantza taldek parte hartuko dute. Emanaldi bakoitzean dantza taldeak desberdinak dira: Gasteizen batzuek parte hartu zuten, Bilbon beste batzuek eta Azpeitian beste batzuek. Azpeitian, besteak beste, Sahatsa dantza taldeak parte hartuko du. Hamahiru taldetako dantzariak oholtzan izateak esan nahi du, gutxi gorabehera, 300 bat dantzari izaten direla. Gainera, abesti batean guztiek batera egingo dute dantza. Gasteizen egin genuen esperimentua, eta ikusgarria da. Geure baitan ederra izango zela imajinatzen genuen, baina egin egin behar da hori, eta izugarria izan zen. Hunkigarria, emozionantea, izan zen. Eta energia pila bat jaso genuen, ikusleak ere dantzan aritu baitziren. Gainera, helburu polita du emanaldiak. Dantzariez gain, gonbidatuak ere izaten dira kontzertuan: Azpeitian, esaterako, Julian Barrenetxea abesbatzakoak izango dira oholtzan.
Nolatan aukeratu duzue Azpeitia bira txiki horretarako?
Ni trikitilaria naiz, eta inoiz ez dut kontzerturik eskaini Azpeitian. Azpeitian eta Azkoitian izana naiz txapelketetan, trikiti jaialdian, baina... Eskaini ziguten Donostian egitea, eta, behar bada, normalena izango zen han egitea beste bi kontzertuak hirietan direla kontuan hartuta, baina pentsatu genuen Azpeitian egitea. Trikitiaren sehaska da Azpeitia, eta horregatik aukeratu genuen hiru kontzertuetako bat emateko. Trikitilari pila bat dago Azpeitian, tradizio horri eusten zaio, eta Korrontziren funtsa trikitia da; trikitiaren inguruan doa proiektu guztia, eta protagonista nagusia ere nire trikitia da. Azpeitian trikitizaletasuna dagoelako nahi izan dugu bertan egon. Ilusioa egiten zidan.
Nori zuzendutako emanaldia da?
Edonori, adin guztietako herritarrei. Kontzertua oso dinamikoa izan dadin saiatzen gara, kontatzen ditugu trikitiaren inguruko istorioak, eta, nik uste, edozein adinetako ikus-entzuleentzat dela aproposa kontzertua.
Diskoa Durangoko Azokan aurkeztu zenuten.
Azaro inguruan grabatu genuen guztia, eta diskoa abendurako iritsi zen. Durangoko Azoka hasi baino bi egun lehenago aurkeztu genuen diskoa eta proiektua; izan ere, proiektuaren barruan daude hiru kontzertuak eta diskoa. Durangoko Azokan izan zen salgai lehen aldiz, eta harrera oso ona izan zuen. Polita izan zen, batez ere, umeentzat. Jendeak galdetu zuen zer zen Korrontzi Benefic, eta askok erosi egin zuten diskoa. Beraz, gustura gaude, oso pozik, helburu ona du-eta proiektuak.