San Martin estratako lanak bukatu dituzte, eta urtarrilean hasiko dira Artzubiko bidegorria egiten

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 29a

Bidegorria eraikitzearekin batera, argiteria, saneamendu, telekomunikazio eta ur nahiz elektrizitate azpiegiturak berritzeko eta egokitzeko lanak ere egingo dituzte Artzubian. Obrek, guztira, 176.418 euroko aurrekontua dute.

San Martin estrata. (Azpeitiko Udala) Azpeitiko Udalak, Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren barruan, herri barruko bidegorri sarea osatzeko lanak hasi zituen joan den urrian. San Martin estrata eta Artzubia hiribidearen artean bidegorria egiteko lanak bi fasetan ari dira egiten, eta lehenengo fasea bukatu dute dagoeneko. Lehen fasean San Martin estrata egokitu du udalak, besteak beste, espaloia kenduta, galtzada-harria jarrita eta bidea berdinduta. Aparkalekuen gunea ere berritu egin dute, baina bere horretan jarraitzen dute autoentzat tokiek. Zama lanetarako gunea, berriz, Artzubia hiribidearen ertzera mugitu dute. Udalak jakinarazi duenez, Artzubia hiribidean bidegorria egiteko lanak urtarrilean hastea aurreikusten dute. San Martin egoitzaren parean, errepidetik espaloiko zuhaitzetara arteko zatia pintatuko dute bidegorria markatzeko. Zuhaitzetatik eraikinera arteko zatia, berriz, bere horretan mantenduko dute oinezkoentzat. Artzubia hiribideko 11 eta 13 etxeen atarietan, espaloi estua dagoenez, eta errepideak hura zabaltzeko aukerarik ematen ez duenez, oinezkoek izango dute gune horretan lehentasuna. 13. zenbakitik zezen-plazara artean, berriz, bi metroko zabaleradun bidegorria egingo dute, eta beste bi metro zabaleko gunea izango da oinezkoentzat. Bidegorria eraikitzearekin batera, argiteria, saneamendu, telekomunikazio eta ur nahiz elektrizitate azpiegiturak berritzeko eta egokitzeko lanak ere egingo dituzte Artzubian. Obrek, guztira, 176.418 euroko aurrekontua dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide