Langabezia tasak behera egin zuen azaroan Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 29a

Urrian baino 25 lagun gutxiago zeuden Lanbiden izena emanda azaroan. Azpeitiko langabezia tasa %10,6koa da, eta eskualdeko herrietan langabezia tasa txikiena duen herria da Errezil eta gero

Azpeitiko langabetuen kopuruak behera egin zuen azaroan; izan ere, urrian baino 25 herritar gutxiago zeuden Lanbiden izena emanda. Azpeitiko langabezia tasa %10,6koa da, eta eskualdeko herrietan tasa txikiena duen herria da Errezil eta gero (%5,6 da hango langabezia tasa). Gainera, Azpeitiko azaroko langabezia tasa Gipuzkoako bataz bestekoaren azpian kokatzen da. Duela urtebete baino 113 herritar gutxiago daude langabezian egun Azpeitian. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi du, "ezin" dela langabetu bat bera ere onartu. "Lana egitea nahi duen eta ezin duen herritar orori laguntzen saiatu behar dugu", adierazi du Etxeberriak. Horrez gain, kezka adierazi du sortzen ari diren enplegu asko kalitate txarrekoak direlako: "Denok daukagu laneko baldintza duinak izateko eskubidea eta hortan lan egitea ere gure ardura da". Azpeitiko Udalak esan du etorkizuneko erronka dela lanaren kalitatea hobetzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide