Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Tecnaliako arduradunek zentro teknologikoaren nondik norakoak azaldu zizkieten ikastetxeetako arduradunei, haiek ikerketan egiten duten lanaren berri izan zezaten, eta elkarlanerako aukerak lantzeko bidea irekitzeko.
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Leire Goenaga Hezkuntza zinegotzia, Aloña Larrañaga Azpeitiko Udaleko Gazteria teknikaria, Maje Agirre Iraurgi ikastetxeko zuzendaria, Alberto Izagirre Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHIko zuzendaria eta Arantxa Bidezabal Azpeitiko Ikastola Ikasberriko zuzendaria Tecnaliak Azpeitian duen zentro teknologikoko azken proiektuak ezagutzen izan ziren duela aste batzuk.
Azpeitiko Anardi industriagunean kokatutako zentroa "erabat aldatu" da azken urteetan, eta energiaren eta azken teknologiaren bidea hartu duela azaldu du Azpeitiko Udalak. "Atzean geratu da Cidemco bezala ezagutzen zen egurrari lotutako zentroa, eta une honetan, punta puntako teknologia erabiltzen duen zentroa da Azpeitikoa. Lantzen dituzten arloetan, Europako erreferentzia da Azpeitiko Tecnalia, eta herritarrei irekitzeko, batez ere ikasleei zabaltzeko apustua egiten du udalarekin batera".
Azpeitiko Udal herriko enpresetara egiten ari den bisiten barruan egin dute Tecnaliara buelta. Udalaren arabera, bisiten helburua da "herriko ikasleen eta lan munduaren arteko zubiak, edota enpresen eta herritarren arteko zubiak eraikitzeko aukerak aztertzea". Tecnaliako arduradunek zentro teknologikoaren nondik norakoak azaldu zizkieten ikastetxeetako arduradunei, haiek ikerketan egiten duten lanaren berri izan zezaten, eta elkarlanerako aukerak lantzeko bidea irekitzeko.