Azpeitiko Udala osatzen duten bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, honako mozio hau onartu zuten joan den abenduaren 13an egindako udalbatzarrean.
"Gaur egun, Azpeitiko hiru herritar daude espetxean, Joseba Segurola, Josu Urbieta eta Gotzon Aranburu. Kezkaz bizi dugu horiei aplikatzen zaien espetxe politika; besteak beste, preso dauden pertsonen, beren familien eta horiek guztiek dituzten eskubideen murrizketa suposatzen duelako.
Orokorrean, dispertsioak sortutako eskubide murrizketaz gain, espetxe politika bakearen eta bizikidetza politika baten parte izan dadin, horren aplikazioa aldarazi behar da, ez dago inongo aitzakiarik. Gutxiago bost urte bete direnean ETAk indarkeria utzi zuenetik. Edozein herritarrek du berriz hasteko edo birgizarteratzeko eskubidea eta ezinezkoa da berriro, testuinguru honetan, ez dugu ikusten iraganekoa errepikatzeko arriskurik.
Gainera, azpeitiar preso guztiak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daude, Espainiako eta Frantziako gobernuek ezartzen duten sakabanaketa politikaren ondorioz. Sakabanaketa beren legearen eta presondegiko oinarrizko tratamendu ororen aurka doa. Preso daudenekiko zein haien senideekiko eta inguru sozialarekiko eta politikoarekiko mendekuan eta xantaian oinarritutako erabaki politikoetan oinarritzen da.
Sakabanaketak preso dauden lagunen bizi baldintzak gogortzen ditu, eta zigorra senideei eta inguruko pertsonei zabaltzen die. Izan ere, preso dagoen lagunarekin denbora labur batez egon ahal izateko izugarrizko esfortzua egitea suposatzen du, bai denbora aldetik, bai espetxeetara joateko egin behar diren bidai luzeek eskatzen duten arriskuen aldetik eta bai horrek guztiak suposatzen duen dirutzagatik.
Ekintza horien guztien larritasunaren aurrean, honako deklarazio hau sinatzen dugu: - Espetxe politika hau salatu nahi dugu. - Euskal gizartearen gehiengoa bezala, kartzela politika berrikustea eskatzen dugu, bizi dugun garai politiko berri honetara egokitzeko. - Dispertsioarekin berehala bukatzeko eskatzen dugu. - Azpeitiko gizarteari eta Espainiako eta Frantziako gobernuei mozio honen berri emango diogu." Mozioaz balorazio positiboa Azpeitiko Sarek testuaren edukiaz eta bi alderdiek adostasunera iristeko erakutsitako jarreraz balorazio "oso positiboa" egin du. "Desberdinen arteko elkarrizketaren bidez, adostasunera iristeko saiakera egiten ari gara Saretik, eta nahiz eta mozio honen lanketan Sarek ez duen parterik izan, testua aho batez onartu izan aurrerapausoa dela uste dugu. Azken asteetan, herriko eragileekin bildu garen bezala, Azpeitiko Udalean ordezkaritza duten bi alderdiekin ere bildu gara, eta elkarrizketarako eta adostasunera iristeko jarrera aurkitu dugu. Ziur gaude etorkizunean elkarrekin pauso gehiago emateko gai izango garela". Sarek adierazi du lanean jarraituko duela euskal presoek, iheslariek eta deportatuek eta haien senideek eta lagunek jasaten dituzten urraketei bukaera emateko, "betiere, elkarrizketaren bidez, adostasunerako eta elkarlanerako borondate osoz". Horrez gain, Sareko kideek Gabonetarako antolatu dituzten egitasmoetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.