Leire Goenaga, Ainara Larrañaga eta Josu Labaka zinegotziak. (Azpeitiko Udala)
Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, aurten 80 herritarrek jasoko dute alokairurako diru-laguntza. Udalaren arabera, 18 eta 35 urte bitarteko herritarrak dira onuradun gehienak; izan ere, laguntza eskatu dute 86 lagunetatik 76 dira adin tarte horretakoak. 70 urtetik gorako bost lagunek eta banandutako zazpik ere eskatu dute alokairua ordaintzeko diru-laguntza. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, 86 eskari horietatik 6 baztertu behar izan dituzte, "arrazoi desberdinengatik". Ainara Larrañaga Gazteria zinegotziaren hitzetan, gazteen arazoetako bati aurre egiten laguntzeko bultzada da laguntza: "Jakina da gaur egungo merkatuak eta gazteen langabezia tasa altuak eta lan baldintza eskasek zail egiten dutela gazteek etxebizitza duin bat izateko aukera. Laguntza honen helburua da, batez ere, gazteei etxebizitzak alokatzeko aukerak eskaintzea, eta eskaerek erakusten dute gazteek behar hori dutela".
Udala 2014tik ari da alokairurako laguntzak eskaintzen, eta urtero 150.000 euroko diru partida jartzen du horretarako. Halere, urtetik urtera, geroz eta herritar gehiagok eskatzen du alokairua ordaintzeko udal diru-laguntza. 2014. urtean 47 lagunek jaso zuten laguntza; eta iaz, 68k. Aurten, berriz, 80 izango dira onuradunak. Hori dela-eta, Josu Labaka zinegotziak dio "laguntza horiek beharrezkoak, eta, kasu batzuetan, ezinbestekoak" direla. Horri lotuta, Leire Goenagak esan du laguntza horiek beharrezkoak direla, baina alokairuaren eta etxebizitza babestuen aldeko etxebizitza politikak egitea ezinbestekoa dela azpimarratu du. "Etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko balio izan dute diru-laguntza hauek. Etxe hutsetatik abiatuta egin behar ditugu etxebizitza politikak, eta horiek etxe hutsei Ondasun Higiezinen Zergan ezarritako errekargoarekin eraginkorrak direla uste dugu".
Azpeitiko Udal ordezkariek diote datuek erakusten dutela etxebizitza beharra badela Azpeitian, baina beharra zenbatekoa den eta zer motatako etxebizitzak behar diren udalak martxan duen azterketarekin jakin ahalko dutela esan dute. Udalak irailean hasi zuen
etxebizitza beharraren inguruko ikerketa. 700 etxetan egin zuten inkesta, eta ikerketa teknikoa ere ari dira egiten: "Inkestak eginda daude eta ondorioak jasotzear gaude, eta datu objektiboak ere laster eskuen artean izango ditugu. Behin horiek jasota, datozen urteotan etxebizitzen inguruan udalak emango dituen pausoak zehaztea dagokigu", azaldu du Labakak.
Eskaeren ia erdia, Alde Zaharrerako
Eskaerak egin dituzten 80 lagunetatik 41ek lehen aldiz egin dute aurten; 26 herritarrek bigarren urtez eskatu dute, eta 19k hirugarrenez. Goenagak dioenez, urtez urte "jende berriak" eskatzen du laguntza. Diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen %42,17k Alde Zaharrean dute alokairu kontratua. Eta, diru-laguntzaren oinarrien arabera, herriko gune horretan etxebizitza alokatzen dutenek 50 euro gehiago jasotzen dituzte.
Alokairurako diru-laguntza horiez gain, udalak Babes Ofizialeko eta tasatutako 27 etxe ere baditu alokatuta. Eta udalak 2005etik martxan duen Bizigune programa tarteko, 52 etxebizitza daude alokatuta herrian.