Xabier Aldalur Bertaneko teknikaria eta Agustin Lizarralde udaleko Merkataritza zinegotzia. (Azpeitiko Udala)
Azpeitiko Udalak herriko dendetan gastatzeko 500 euroko hiru bono zozkatuko ditu urtarrilaren 5ean. Gaurtik, astelehena, urtarrilaren 5era bitartean herriko dendetan erosketak egiten dituzten herritarrei zenbakidun boletoak banatuko dizkiete, eta urtarrilaren 5ean hiru zenbaki aterako dituzte. Haietako bakoitzaren jabeak 500 euroko erosketa txartela irabaziko du.
Behin zozketa eginda, irabazleek urtarrilaren 31ra arteko epea izango dute Bertan merkatari elkartearekin edo udalarekin harremanetan jartzeko. Epe horretan saridun zenbakia agertzen ez bada, ordezkoen txanda izango da.
Agustin Lizarralde Merkataritza zinegotziak azaldu duenez, udalak Gabon garaian ere "bertan erosteko eta bertako merkataritza bultzatzeko aletxoa" jarri nahi izan du.