Azpeitiko musika bandak kontzertu berezia eskainiko du gaur

Julene Frantzesena 2016ko abe. 23a, 10:58

Herriko hainbat taldek, musikarik eta abeslarik ere parte hartuko dute emanaldian. 150. urteurrenari bukaera emango diete

Udal Musika Banda, banden alardean. (Julene Frantzesena) Udal Musika Bandak 150. urteurreneko egitasmoei bukaera emango dien kontzertua eskainiko du gaur iluntzean, Soreasu antzokian. 22:00etan hasiko da emanaldi berezia, eta bandako kideez gain, dozenaka lagunek parte hartuko dute. Bandako kideek azaldu dutenez, "ekitaldi, kontzertu eta ikuskizun berezia" izango da gaurkoa. "Banda batek izan ditzakeen erregistro ezberdinak erakutsiz, estilo eta mota askotako abestiak entzun ahal izango dira kontzertuan". Ez da kontzertu soila izango; izan ere, musikarekin uztartuko dituzte antzerkia eta dantza, eta 150 bat lagun izango dira oholtzan. Besteak beste, ekitaldian izango dira Itsasiko eta Sahatsakoak, Izarraitzeko eta Juan Antxietako txistulariak, Tobalo Iglesias taldekoak, Luis Alberdi Beltzaren dantza eskolako kideak, Jose Mari Orbegozo eta Dantzaki taldekoak, Antxieta eta Julian Barrenetxea abesbatzetakoak, Kbeat ahots taldekoak, Methalika taldeko kideak nahiz Garikoitz Mendizabal, Iraia Bereziartua eta Ignacio Arakistain musikariak eta Olatz Prat eta Angel Azkue Piti abeslariak. Unai Frantzesenak eta Urtzi Oteizak egindako bideo bat ere emango dute, eta Alaitz Olaizolak egindako gidoiarekin oholtzan izango dira Aizpea Ibarbia, June Urain, Maddi Agirre, Ekain Ibarguren eta Xanti Agirrezabala aktoreak. Unai Frantsesena bandako zuzendariaren audio muntaiarekin Urtzi Oteiza Kaitok egindako bideo bat ere eskainiko dute. ETBk grabatuko du emanaldia, eta Oholtzan saioan emango dute. Emanaldirako sarrerak aurrez eros daitezke bost euroren trukean, Eguzkitza, Berdie eta Izaro tabernetan eta Sanagustin kulturgunean. Eta Soreasuko leihatilan ere eskuratu ahalko dira kontzertuaren aurretik. Balorazio "ona" Frantzesenak adierazi du bandaren 150. urteurreneko ekitaldiak antolatzeko lan asko egin dutela, baina gustura da emaitzarekin. «Oso ondo joan dira ekitaldiak. Orotariko ekintzak egin ditugu, eta gustatuko litzaidake dinamika horrekin segitzea, lan asko eskatzen badu ere», esan du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide