Eguraldi tristearekin esnatu dira azpeitiarrak, baina goizak aurrera egin ahala hasi dira pixkanaka festan murgiltzen. Txistulariek, Udal Musika Bandak eta trikitilariek musika doinuz girotu dituzte kaleak goizetik, eta eguerdirako plaza jendez betetzen hasi da. Gainera, joaldunek eta erraldoiek nahiz buruhandiek ere egin dute kalejira. Ohitura den moduan, baserritarren azokarekin eta talo eta txorizo postuekin, jan-edana da nagusi plazan. Gaztetxeko kideak, berriz, kalejira egin dute karroarekin, trikitilariek lagunduta. Eta, horrez gain, bertako ekoizleek produktuz beteriko dozenaka postu jarri dituzte Done Jakue kalean.
12:00ak pasatxoan hasi da herri kirol jaialdia. Aizkoran aritu dira Mikel Larrañaga eta Joseba Otaegi, eta harri-jasotzen, Estitxu Almandoz, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Aimar Irigoien. Horiek lanean hasitakoan igo dira kioskora Aitor Mendiluze eta Unai Agirre bertsolariak, eta eguerdi partean kantuan aritu dira. Erakustaldia hasi baino minutu batzuk lehenago jaso du Zestoako Eromen antzerki taldeak Azpeitiko XXXIV. Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria, Sweeney antzezlanagatik. Eta Frontoi Txikian, berriz, Patxi Azkargorta zenaren oroimenezko pilota txapelketaren finalak jokatu dituzte.
Arratsaldean ere izango da ekitaldirik herrian. Izan ere, Reefere disko jartzailea ariko da plazako giroa alaitzen arratsaldean, eta 18:00etan hasiko da Sanagustin kulturgunean, Azpeitiko XVI. Gazteen Dantza Suelto Txapelketa.
Ikusi hemen gaur goizeko argazkiak:
[flickr_set id="72157676475878981"]
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide