Iazko santomasetan Azpeitiko plaza jendez bete zen. (Ana Abarisketa)
Kaleko esanak hala dio: Azkoitian sanandresetan eguraldi ona egiten badu, Azpeitian santomasetan txarra. Ikusteko dago, baina, zer eguraldi egingo duen bihar, eta egiten duena egiten duela ere, festa girorik ez da faltako Azpeitian. Izan ere, urteroko moduan, egitarau osoa prestatu dute San Tomas egunerako.
Goizean izango dira ekitaldi gehienak, hala nola baserriko produktuen azoka, musikarien kalejirak, herri kirol erakustaldia eta Patxi Azkargorta zenaren oroimenezko pilota txapelketaren finalak. Gainera, San Tomas egunaren bereizgarri diren talo eta txorizo postuak 11:00etan zabalduko dituzte, eta egun osoan izango dira zabalik.
Arratsaldean, berriz, XVI. Gazteen Dantza Suelto Txapelketa izango da Sanagustin kulturgunean.
Azoka, Done Jakue kalean
Aurreko urteetan, Azoka Plazan egin izan da baserriko produktuen azoka, baina, azpiegitura hori berritzen ari dira, eta Done Jakue kalean egingo dute aurten.
Goiz eta eguerdi partean egongo dira postuak, eta, besteak beste, barazkiak, fruituak, gazta, ogia eta gozoak erosi ahal izango dira bertan.
Iazko txapelketaren finaleko irudia. (Ana Abarisketa)
Patxi Azkargortaren oroimenezko txapelketaren finalak izango dira
Patxi Azkargorta zenaren oroimenezko pilota txapelketaren finalak izango dira bihar, San Tomas egunean, Frontoi Txikian, 10:00etan hasita.
Ilunpe pilota elkarteak antolatu du txapelketa, eta elkarteko kideek esan dutenez, sei mailatan banatuta, ehun umek eta gaztetxok baino gehiagok hartu dute parte lehian. Dagoeneko erabakita dago nortzuk jokatuko dituzten txapelketaren finalak.
Guztira, sei final jokatuko dituzte biharkoan. Txapelketarako bi multzo egin zituzten Ilunpekoek benjamin aurrekoetan: A eta B taldeak. Lehenengo taldean Aimar Elosegi eta Eneko Bidezabal iritsi dira txapelketaren bukaerara, eta buruz buruko finala jokatuko dute horiek biek. Bko finala, berriz, Iker Ibargurenek eta Aner Manterolak jokatuko dute.
Benjaminetan ere bi talde osatu dituzte txapelketarako. Maila horretako A taldeko finalistak atzo erabaki ziren finalaurreko partidetan, eta Eritz Etxeberriak Xuban Mujikaren aurka jokatuko du norgehiagoka. B taldeko finala, berriz, Iñigo Sarasuak eta Oihan Sarasuak jokatuko dute, Peio Ziarsoloren eta Hodei Gurrutxagaren aurka.
Kimuak ere binaka aritu dira txapelketa osoan zehar, eta honako pilotari hauek jokatuko dute bihar finala: Imanol Iturraldek eta Beñat Ezamak Unax Elosegiren eta Aner Lizasoren kontra.
Infantil mailako pilotariek jokatuko dute Patxi Azkargortaren oroimenezko txapelketako azken partida. Maila horretan finalera iritsi dira Aimar Egiguren eta Oier Alonso eta Iker Egiguren eta Josu Labaka. Finalak bukatzean, Ilunpekoek Gabon otarra zozkatuko dute pilotalekura bertaratzen direnen artean.
Hemen Azpeitiko santomasetako egitaraua:
Gaur, abenduak 20
- 22:00. Txapelen omenezko bertso jaialdia, Soreasu antzokian.
Bihar, abenduak 21
- 10:00. Izarraitz txistulari taldekoen diana, kalez kale.
- 10:00. Patxi Azkargortaren oroimenezko pilota txapelketaren finalak, Frontoi Txikian.
- Goiz osoan. Baserriko produktuen udazkeneko azoka berezia, Done Jakue kalean. Barazkiak, fruituak, gazta, ogia, gozoak... ikusteko eta erosteko aukera izango da bertan.
- 11:00etatik aurrera. Txistorra eta talo postuak egongo dira herriko plazan egun osoan zehar.
- 11:00. Azpeitiko Udal Musika Bandak eta Eltziegoko gaiteroek kalejira egingo dute.
- 12:00. Azpeitiko XXXIV. Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria banatuko dute, udaletxeko areto nagusian. Zestoako Eromen antzerki taldeak jasoko du, Sweeney antzezlanagatik.
- 12:00. Herri kirol erakustaldia, herriko plazan. Aurkezle lanetan ariko da Juanjo Sagastibeltza.
- Aizkoran: Mikel Larrañaga eta Joseba Otaegi ariko dira. Horiek egin beharreko lanak honako hauek dira: enbor bana nork kolpe gutxiagotan ebaki, enbor bana nork azkarrago ebaki eta bost enbor ebaki.
- Harrijasotzen: Idoia Etxeberria, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Aimar Irigoien ariko dira. Egin beharreko lanak honako hauek dira: Etxeberria 100 kiloko zilindroarekin eta 75 kiloko kubikoarekin ariko da. Goenatxo III.a 200 kiloko errektangularrarekin, 125 kiloko kuboarekin eta 100 kiloko bolarekin. Eta Irigoien 175 kiloko zilindroarekin, 125 kiloko kuboarekin eta 100 kiloko bolarekin.
- 12:00. Bertsolariak kantuan ariko dira herriko plazako kioskoan. Gai-jartzailea: Sebastian Lizaso. Bertsolariak: Aitor Mendiluze eta Unai Agirre.
- 12:00. Itsasi dantza taldeko ttuntturroen eta Juan Antxieta musika eskolako soinujoleen kalejira.
- 13:00. Erraldoiak, buruhandiak eta dultzaineroak kalez kale. Plazako kioskoan Referee DJa ariko da musika jartzen.
- 18:00. Azpeitiko XVI. Gazteen Dantza Suelto Txapelketa, Sanagustin kulturgunean.