Azpeitiko Udalak opari ez sexistak sustatzeko kanpaina jarri du martxan

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 16a

Jostailuak aukeratzeko irizpideak eta gomendioak jasotzen dituzten eskuorriak banatzen ari da udala etxez etxe.

Estitxu Elduaien eta Leire Goenaga zinegotziak. (Julene Frantzesena)

Azpeitiko Udalak opari ez sexistak sustatzeko kanpaina jarri du martxan. Udalak azken urteetan nesken eta mutilen arteko berdintasuna sustatzeko hainbat egitasmo egin ditu azken urteotan, eta Gabonak gerturatzen ari diren honetan, oparien inguruko kanpaina abiatu du. Estitxu Elduaien zinegotziak dioenez, "ikusi besterik ez dago postontzietara iristen zaizkigun katalogoak nolakoak diren; kolore arrosa alde batean eta kolore urdina bestean". Hark dioenez, "neskentzat panpinak, sukalde txokoa edota makilatzeko tresnak; eta mutilentzat kotxeak, baloiak eta eraikitzeko jolasak". Oraindik ere "bi koloretako mundua" irudikatzen dutela dio. "Gainera, askotan, publizitatearen eta inguruaren eraginez, sexuaren araberako opariak eskatzen dituzte haurrek".

Udala dagoeneko hasi da etxez etxe banatzen jostailuak aukeratzeko irizpideak eta gomendioak jasotzen dituzten eskuorriak. Izan ere, Leire Goenaga zinegotziak dio jostailuak "paper garrantzitsua" dutela haurraren garapenean: "Haurrari jolasak bere burua eta ingurua ezagutzeko aukera eman dio. Jolasa da haurraren ekintza garrantzitsuena; gogo, denbora eta ilusio gehien eskaintzen diona". Horregatik, azaldu du haurraren jolasak "librea" izan behar duen arren, jostailuen hautaketa "oinarrizkoa" dela garapena bideratzeko eta jolasaren kalitatea bermatzeko. Goenagaren aburuz "jostailua jolaserako tresna hutsa" baino ez da. "Garrantzitsuena da jolas egitea. Gurasoek haurrekin jolas egitea ere oso garrantzitsua da, eta beren kabuz ari direnean behatzea ere bai".

Horrez gain, udalak gogorarazi du baliabide desberdinak eskaintzen dituela herrian. Azpeitian bi ludoteka eta Gaztelekua daudela esan du, "jostailuen bidez haurrak hezten diren tokiak". Hala, zinegotziek esan dute informazioa behar edo zalantzarik izanez gero, haietara bertaratu besterik ez dutela herritarrek.

Honako gomendio hauek eskaini ditu Azpeitiko Udalak:

  • Jostailuak bakarka zein beste umeekin aritzeko balio behar du: bakarkako jolasak bere fantasia pertsonalak adierazteko balio dio, eta besteekin aritzen denean, komunikaziorako tresna izango da.

  • Jostailuak haurraren adinera eta beharretara egokitu behar du.

  • Jostailuak opari izan behar du eta ez inposaketa: haurraren gustuetatik eta lehentasunetatik abiatu beharko dugu, eta, ahal dugun neurrian, jostailua aukeratzerako garaian haurra parte-hartzaile bihurtu.

  • Jostailuak balio dezake haurren berezko ezaugarriak sendotzeko eta osagarriak izan daitezkeen joerak lantzeko.

  • Jostailuak segurua izan behar du: CE markak, jostailu horrek beharrezko segurtasun arauak betetzen dituela adierazten du.

  • Rolak eta indarkeria: sexu bereizketarik eta indarkeriaren aldeko jarrerarik erakusten ez duten jolasak dira egokienak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide