Aitor Bereziartua, Josu Labaka eta Estitxu Elduaien, Udal Gobernuko kideak (Azpeitiko Udala)
Gaur egingo dute udal ordezkariek abenduari dagokion udalbatzarra. 19:00etan hasiko da bilkura, eta, besteak beste, 2017rako udal aurrekontuak izango dituzte hizpide.
EH Bilduren Udal Gobernuak osatu ditu aurrekontuak jada, eta azken urteetako legez, herritarrekin eta oposizioarekin aritu da aurrekontuak fintzen.
Herritarren ekarpenak jasotzeko eta haien beharrei erantzuteko, Denon Artean prozesua jarri zuen martxan udalak azaroan. Gainera, prozesua baliatu dute Azpeitia 2015-2025 Plan Estrategikoa eguneratzeko, egokitzeko eta zenbait arlotan sakontzeko.
Prozesu hori bukatuta, balorazio «positiboa» egin dute Udal Gobernuko kideek. Josu Labaka zinegotziak jakinarazi duenez, herritarrek «ekarpen zuzenak» egin dituzte, eta orain eskaera horiek aztertzen ari dira, gero, ahal den heinean, arazoak konpontzen saiatzeko. Aitor Bereziartua zinegotziak dio herritarrei «gai handiek» ematen dizkietela buruhauste handienak. «Herritarren kezka nagusiak dira ekonomia eta enplegua».
Bereziartuaren aburuz, udala bi arlo horiek lantzeko «baliabideak jartzen eta indarra egiten» ari da. Izan ere, hark dio udalaren eta herritarren lehentasunek bat egiten dutela, eta «herritarren arazoak udalaren oinarri» direla.
Denon Artean prozesuan herrigunetik aparte dauden auzoei «indar berezia» ematen zaiela ere adierazi du Bereziartuak. «Auzoetako arazoak problematika sakonei lotutakoak izaten dira. Askotan arazoari irtenbidea ematea zaila da, baina auzotarrekin lanean segitzeko konpromiso sendoa dugu».
Labakak argitu du Denon Artean egitasmoaz haratago, urte osoan lantzen duela udalak parte-hartzea. «Eragileen eta udalaren arteko zubiak eginda daude, elkarlanean hamaika proiektu ditugu abian, eta kirol edo kultur mahaiekin ere sintonia onean ari gara elkarlanean».
Aldeko «boto kritikoa»
Herritarrekin ez ezik, oposizioa osatzen duten EAJko zinegotziekin ere bildu dira Udal Gobernukoak. Oposizioko kideek ere izan dute ekarpenak egiteko aukera, eta jeltzaleek esan dute aurrekontuen «aldeko boto kritikoa» emango dutela. Izan ere, jeltzaleek eskatu diote Udal Gobernuari Azpeitiko gune degradatuak biziberritzeari lehentasuna emateko. «Soreasuko etxebizitzen eremua eta Landetako industrialdea biziberritu behar dira datozen 12 hilabeteetan».
Aitor Gorrotxategi EAJren udal bozeramaileak dio udalak ezin duela jarraitu «besoak gurutzatuta», eta esan du Plan Orokorra hartu eta Soreasu auzoko etxebizitza eremu dena eraberritzeko urratsak egiten hasi behar dela. Horrez gain, esan du Landetako industrialdea berrantolatzea ere lehentasuna dela, «etorkizunean etor daitezkeen enpresa berrien beharrei erantzuteko». Horretarako, foru aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak industriaren sustapen ekonomikorako dituzten programak kontuan hartzea eskatu die.
Gorrotxategiren ustez, «Azpeitiak zer izan behar duen erantzungo dion lan-tresna» dira aurrekontuak, eta dio aurrekontuen helburua izan behar duela industria jarduera berreskuratzea.