'Denon artean' prozesu parte hartzaileen "balorazio positiboa" egin du Azpeitiko Udalak

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 9a

Ekarpenak jasota horiek aztertzen ari da udala. Erdigunetik kanpo dauden auzoei "indar berezia" jartzea eta ekonomia eta enplegua lantzea dira erronka nagusiak.

Ezkerretik eskuinera, Aitor Bereziartua, Josu Labaka eta Estitxu Elduaien udal ordezkariak. (Azpeitiko Udala) Azaroan amaitu zen Denon artean prozesuan ekarpenak egiteko aukera. Bi helbururekin ekin zion prozesuari udalak: Batetik, "2017ko aurrekontuen bidez herritarren beharrei erantzuteko eta ekarpenak, ideaik eta proposamenak kontuan izateko", eta, bestetik, "2015-2025 Plan Estrategikoaren baitako zenbait arlo eguneratzeko, sakontzeko eta egokitzeko". Eta behin amaituta, horren inguruko "balorazio positiboa" egin du Azpeitiko Udalak. Gehienbat, herritarrek beren eskaera edo ekarpen zuzenak egin dituztela azaldu du Josu Labaka parte-hartze zinegotziak: "Herritarrei begira egin ohi dugu azken urteotan prozesua. Normalean, eskaera zehatzak egiten dizkigute, eta aurten ere horrela izan da". Orain, eskaera horiek aztertzen ari direla azaldu du, eta "ahal den heinean" arazoak konpontzen saiatuko direla. Horrez gain, Denon artean herritarren parte-hartze bidez egiten den prozesua izan arren, parte-hartzea urte osoan lantzen dutela  gogorarazi du Labakak. Eragileekin mahaien bidez edo egiten dituzten beste hainbat bileren bidez "harreman zuzena" dutela esan du: "Eragileen eta Udalaren arteko zubiak eginda daude, elkarlanean hamaika proiektu ditugu abian, eta kirol edo kultura mahaiekin ere sintonia onean ari gara lanean". Auzoak erronka, eta ekonomia eta enplegua lehentasunak Aitor Bereziartua zinegotziak adierazi du erdigunetik kanpo gelditzen diren auzoei indar berezia jartzen zaiela prozesu horretan: "Urtero joaten gara, eta aurreko urteko eskaerei errepasoa ematen diegu, zer aurreratu den jakiteko. Eskaera berriak ere apuntatzen ditugu". Halere, auzoetako arazoak "problematika sakonei lotutakoak" izan ohi direla azpimarratu du. "Askotan, arazoari irtenbidea bilatzea edo ematea zaila izaten da, baina guk auzotarrekin lanketan segitzeko konpromiso sendoa dugu", azaldu du. Horrez gain, herritarrek eskaera zehatzak egiten dituzten arren, kezka edo buruhausteak "gai handiek" ematen dizkietela azaldu du Bereziartuak. Gai horiek ekonomia eta enplegua izan ohi dira: "Herritarren kezka nagusiak herriko ekonomia eta enplegua, enplegu duina dira". Horrenbestez, Udala azken urteetan bi arlo horiek lantzeko "baliabidea jartzen eta indarra egiten" ari dela adierazi du: "Udalak eta herritarren lehentasunek bat egiten dute eta herritarren arazoak Udalaren oinarri dira".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide