Bihar bukatuko da Azpeitiko Txakur Krosean aurrez izena emateko epea

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko abe. 8a, 10:23

Egunean bertan ere eman ahalko da izena, probak hasi aurretik. Proba laburra, 3,4 kilometrokoa, 10:00etan hasiko da; eta, luzea, 6,7 kilometrokoa, 11:00etan. 40 bat lagunek eman dute izena.

Iazko txakur kroseko irudia. (Eneritz Albizu Lizaso) Igande goizean jokatuko da Azpeitiko II. Txakur Krosa Xanjuandei-Elmubas saria, eta bihar bukatuko da proban izena aurrez emateko epea. Ordura artean www.rockthesport.com webgunean eman ahal izango da izena, 15 euroren trukean. Dena den, egunean bertan ere inskribatu ahal izango da, probak hasi baino lehen, Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan. Bi proba prestatu dituzte: motza eta luzea. Lasterketa laburra, 3,4 kilometrokoa, 10:00etan hasiko da Jose Antonio Agirre plazatik. Eta haren ostean, 11:00etan, jokatuko dute proba luzea, 6,7 kilometrokoa. XJ Auzolanean eta Euskanikros elkarteek antolatu dituzte lasterketak, eta dagoeneko 40 bat lagunek eman dute izena. Halere, probaren antolatzaileetako Borja Izagirrek dioenez, badakite "azken unean jende gehiagok" emango duela izena. "Horrelakoetan azken unean ematen du izena jendeak, eta lasai gaude". Iaz izandako jendearen erantzunagatik antolatu dute berriro proba. Hala dio Izagirrek: "Jendea oso gustura ibili zen. Esan ziguten ibilbidea, lokalizazioa eta abar oso onak zirela. Balorazio oso positiboa egin zuten. Iaz, esaterako, pare bat errioxarrek hartu zuten parte proban, eta aurten badakigu gehiago izango direla". Bestalde, iaz baino azpeitiar gehiagok parte hartuko dute aurtengoan. Sari ugari Krosean parte hartzeko hainbat baldintza bete beharko dituzte lasterkariek nahiz txakurrek. Txakur krosetarako gerrikoa eta arnesa eraman beharko dituzte parte-hartzaileek. Txakurrek, berriz, hainbat txerto hartuta egon beharko dute, hala nola amorruaren aurkakoa, txerto tetrabalentea eta txakurtegiko eztularen kontrakoa. Iazko gisan, lasterketak bukatzean hainbat sari banatuko dituzte Jose Antonio Agirre plazako kioskoan. Mailakako sariez gain, sailkapen orokorreko lehen gizonak eta emakumeak sari bana jasoko dute: mantangorriaren oroigarria. Eta lehen azpeitiarrak ere saria eskuratuko du. Sarituek 15 kiloko pentsu zakua jasoko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide