Kaleratu dute Azpeitia Ezagutzen proiektuaren barruko azken liburuxka

Urola Kostako Hitza 2016ko abenduaren 6a

LH 5eko eta 6ko ikasleei zuzendutako bi unitate didaktiko bildu dituzte liburuxkan: ‘Izan zirelako gara’ eta ‘Nora goaz?’.

Ikastetxeetako, Hik Hasiko eta udaleko ordezkariak. (Maialen Etxaniz/Uztarria) Azpeitia Ezagutzen proiektuaren hirugarren eta azken liburuxka kaleratu berri du Azpeitiko Udaleko Hezkuntza sailak. Aurretik argitaratutako bi liburuxken gisan, bi unitate didaktiko jaso dituzte: Izan zirelako gara eta Nora goaz?. Horiek XIX, XX eta XXI. mendeetako Azpeitia dute ardatz, eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleentzat egin dituzte. Hik Hasi erakundeko teknikari Olatz Arangurenek egin ditu liburuxketako testuak, eta  Iban Izagirrek, berriz, ilustrazioak. Liburuxkako bi unitateak bildumako bosgarrena eta seigarrena dira. Izan zirelako gara unitatean industrializazioa, Azpeitiak organoarekin izan duen harremana, garbitokia, biztanleriaren garapena, ezberdintasun soziala, Urolako trena eta garai haietako aisialdi eredua jaso dituzte. Nora goaz? unitatean, berriz, etorkinen gaia jaso dute. Arangurenek esan duenez, "Azpeitira etengabe ari da jendea etortzen, eta ikasleek herrira datozenei zer erakutsi diezaioketen landu dugu unitate didaktiko horretan". Horrez gain, 36ko gerrako pasarteak, XX. mendeko auziak eta azpeitiar ezagunen biografiak ere jaso dituzte. Arangurenentzat "plazera" izan da materiala sortzea, eta historiaren transmisioak duen garrantzia azpimarratu du. Gainera, "eskerrak" eman dizkio udalari, "egindako apustuagatik". Izagirrek ere esker hitzak izan ditu udalarentzat, "aukera emateagatik". Proiektuan parte hartzea "interesgarria" izan dela dio: "Azpeitiaz ez nekizkien gauzak ikasteko eta historia nolakoa izan den jakiteko balio izan dit. Esperientzia ona izan da". Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak ere historia ezagutzea "oinarrizkoa" dela azaltzeaz gain, Azpeitia Ezagutzen proiektuaren garrantziaz ohartarazi du. "Zer izan garen jakin gabe ezin dugu aurrera egin". Ildo beretik hitz egin du Joxe Mari Auzmendi Hik Hasiko koordinatzaileak, eta Azpeitia hobetzeko bidean "gazteek protagonista" izan behar dutela esan du. Haren ustez, horretan laguntzen dute halako proiektuek. Herritarrentzat ere bai Ikastetxeetan hasi dira dagoeneko unitateak lantzen, baina ikasleentzat ez ezik, herritarrentzat ere eskuragarri jarriko dituzte hiru liburuxkak www.azpei­tia.eus webgunean. 2013ko irailean kaleratu zuten lehena, eta 2014ko abenduan bigarrena. Hirugarrenarekin bukatutzat eman dute proiektua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide