Orhantza Alegria: "Pentsatzen duguna adierazi dugu, modu zuzenean"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko abe. 2a, 12:29

Hainbat dira gaur hasiko den 51. Durangoko Azokan beren lanak erakusgai izango dituzten eskualdeko idazleak eta musikariak. Horietako askok Ahotsenean aurkeztuko dituzte lanak, hala nola Egurra ta kittok eta Passepartoutek. Egurra ta kittoko gitarrista da Alegria.

(Egurra ta kitto) Egurra ta kittok laugarren lana kaleratu du: Gure ordua diskoa. Emaitzarekin "gustura" daudela dio Orhantza Alegria (Azpeitia, 1986) taldeko gitarra-jotzaileak. Zerekin egingo du topo entzuleak diskoan? 11 abestiko disko anitza da, erritmo desberdinak lantzea eta nahastea gustatzen baitzaigu. Diskotik diskora abiadura azkartzeko eta punk-rockera gerturatzeko pausoak eman ditugu. Eta melodia indartsuak eta kanta alaiak zein ilunak egin ditugu. Kritika soziala eta politikoa egiten dituzue abestietan. Oraingoan ere bai? Taldearen oinarriak ez dira aldatu. Pentsatzen duguna adierazi dugu, modu zuzenean. Jendeak gauzak garbi ulertzeari garrantzia ematen diogu, metaforekin mezua gehiegi lausotu gabe aritzeari. Kontzientziak astindu nahi ditugu, pentsarazi, status quoa zalantzan jarri eta gure balioen alde borroka egitera deitu. Izan ere, borrokaren bidez lortutako eskubide sozialetan atzerakada latza jasan dugu urteotan, eta Euskal Herriaren zapalkuntzak bere horretan jarraitzen du. Hainbat kolaborazio izan duzue diskoan. Iheskideko abeslari Xaguk Lau krabelin gorri abestian parte hartu du, Bad Sound Systemeko Morok Ilusioz eraikia kantan eta Huntzako Josunek Itsasoari so abestian. Aurreko diskoetan bezala, Felipe Murillok ere lagundu digu, eta Jose Luis Otamendik Ikasi dugu abestirako hitzak egin dizkigu. Kolaboraziorik bitxiena Martin Alegria eta Juan Inazio Elias txistulariena izan da. Bideoklip bat ere egin duzue. Pasaiako segadaren inguruko Lau krabelin gorrirena.Gaiaz dokumentala egiten ari direnak lagun izanik, zerbait txukuna egiteko aukera ikusi genuen. Modu hartan hil ostean, inoiz justiziarik ez egin izana mahai gainera ekarri nahi izan dugu, eta kontakizun bakarra inposatu nahi duten garaiotan, belaunaldi berriei zer gertatu zen azaldu. Zortzi urte dira taldea sortu zenutela. Ordutik izan da aldaketarik taldean; baita musikari dagokionez ere. Taldeak konpromisoa eskatzen du, eta zortzi urtetan buelta asko ematen ditu bizitzak. Zuentzat diskoa ateratzean izan ziren aldaketa handienak. Proiektuan sinesten genuenez, pertsonen gainetik jarri genuen taldea, eta taldekide berri bikainak aurkitu genituen. Oso gustura gaude aurrera egitea erabakitzearekin. Ahotsenean izango zarete. Plaza ona da, ezta? Bai, diskoa sustatzeko leku ona da, jende kopuruagatik eta hedabideen jarraipenagatik. Halere, jendeak ezagutzen ez dituen abestiak joko ditugu, eta ez dugu espero kontzertuetan ohikoa izaten den festa giro bikain hori. Ikusi Durangoko Azokako Ahotsenea gunean aurkeztuko dituzten eskualdeko idazleen eta musikarien lanen egitaraua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide