Ondorioak plazaratuta, ibilbidea bukatu du Herritarren Bizikidetza Foroak

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko abe. 2a, 13:42

Atzoko ekitaldiko irudia. (Julene Frantzesena) Herritarren Bizikidetza Foroko kideek atzo eman zioten bukaera bi urte eta erdi inguruko ibilbideari, ondorioak aurkeztuta. Sanagustin kulturgunean egin zuten amaierako ekitaldia, dozenaka herritarren aurrean. Alaitz Aguadok, Jexux Aizpuruk, Miren Alcedok, Jabier Altunak, Joxe Arregik, Felipe Murillok, Miren Odriozolak, Manoli Urangak eta Mertxe Urtuzagak parte hartu dute foroan, eta bizitako esperientziaz jardun zuten atzokoan. Sentsibilizazio desberdineko herritarrek osatu dute foroa, "gatazkari eta sufrimenduari aurpegiak eta hitzak" jartzeko helburuarekin. Azpeitiko Udalaren ekimenez hasi ziren biltzen, eta Aitziber Blanco (Bilbo, 1972) Lokarriko kide ohia izan dute prozesuan bidelagun eta koordinatzaile, eta hura ere izan zen atzoko ekitaldian. Gainera, Eneko Etxeberria alkateak eta Aitor Gorrotxategi zinegotziek eta zenbait herritarrek ere hartu zuten hitza aurkezpenaren bukaeran. Eneritz Albizuk egin zuen aurkezpena, eta hark esan zuenez, "une batez kolore politikoak alde batera utzi, eta bestaldean pertsonak ikustea" izan dute xede foroko parte-hartzaileek, "iraganari, orainari eta etorkizunari modu horretan begiratzeko". Hark esan zuenez, foroko kideek zabaldu nahi duten mezua honako hau da: "Beraiek posible izan badute egitea, kalean, plazan, ere egin daiteke; edonork hel diezaioke gaiari". Haren ostean hartu zuen hitza Aitziber Blanco foroaren koordinatzaileak. Hark foroaren izaera "anitza" eta "mugatua" azpimarratu zituen: "Pertsona desberdinak gai konplexu eta mingarriez hitz egitea zen foroaren ariketa. Udalak dozena inguru herritarri deitu zien foroan parte hartzeko; izan ere, halako foroek ezin dute handiak izan". Blancok esan zuenez, "emozioen eta bizipenen eremua partekatzeko elkartu ginen, eta konplizitate eta errespetu giroa sortu zen; gero gai korapilotsuez hitz egitea ahalbidetu zuen giroa". Foroko kideek atzo bigarrenez egin zuten agerraldia jendaurrean. Izan ere, "diskrezioa" mantendu zuten prozesuaren hasieran, baina taldeak joan den apirilean erabaki zuen egiten ari ziren lana herritarrei aurkeztea. Atzokoan foroko kide guztiek beren bizipenak plazaratu zituzten. Foroko kideek "zenbait korapilo askatzeko saiakera zintzoa" egin dutela esan zuten. "Gure artean eraikitako konfiantzak eta errespetuak bide konplexu eta korapilatsu honi ekitea ahalbidetu digu". Haiek azaldu zutenez, "bileretan biktimak, sufrimendua eta izandako ondorio gogor horien guztien zergatiez aritu izan gara: gaien arteko loturak ikusi ditugu, gure mugak ukitu ditugu eta elkar ulertu eta hurbiltzeko dantza batean murgildu gara". Egin duten hausnarketa "bizien" ondorio partekatuak irakurri zituzten Joxe Arregik eta Alaitz Aguadok. Honako 12 puntu hauek partekatu dituzte:
  1. Jabetzen gara sufrimendua oraindik oso bizirik dagoela eta gaur egun ere sufrimendu berriak eragiten jarraitzen dela.
  2. Gizarte bezala autokritika egin beharra dugula uste dugu. Norberak barrura begiratu, gaizki egindakoa eta egin ez duguna aztertu, eta, ondoren, jarrerak aldatu. Egiten ditugun keinuek, ematen ditugun urrats txikiek, gure ingurunean eragina izan dezaketela frogatu dugu.
  3. Gizarte honetako kide bezala ere, biktimekiko dugun zorra aitortu nahi dugu: ez dugula egin beharreko guztia. Gertatutakoaren lekuko edo parte izan garela, indarkeriara eta sufrimendura ohitu egin garela eta "normaltasunez" onartzera iritsi garela aitortu nahi dugu.
  4. Urteetan, biktimekiko babesa adierazteko antolatzen ziren ekimenetan parte hartu aurretik, zeinek deitzen zuen galdetzen genuen askotan: erabiliak eta manipulatuak izateko beldurra nagusitu da.
  5. "Biktima" hitza bera ere konplexua eta delikatua izan da gehienontzat. Baina, pixkanaka- pixkanaka, "biktima" kontzeptua ere zabaltzen joan da, baita haiei dagozkien eskubideekiko onarpena eta aitortza ere.
  6. Biktima desberdinek babes eta elkartasun sozial eta instituzional maila desberdinak izan dituztela jabetzen gara. Eta horrek bakardadea, lotsa, beldurra, erruduntasuna, amorrua eta gorrotoa bezalako sentimenduak sortarazi ditu zenbait biktimarengan.
  7. Guk biktima guztiak geure egin nahi ditugu, giza eskubideak urratu zaizkien pertsonak eta sufrimendu injustu eta bidegabeak pairatu dituzten pertsona guztiak: hildakoak, umezurtzak, alargunak, mehatxupean bizi izandakoak, bahituak, askatasunik gabe bizi izan direnak, tortura sufritu dutenak, justifikaziorik gabe atxilotuak...
  8. Biktima guztiei aitortza, egia, justizia, eta erreparazio eskubideak dagozkiela adierazi nahi dugu. Esan bezala, biktima bakoitzak egoera desberdinak bizi izan ditu urte hauetan eta, horren arabera, bakoitzaren behar eta eskaerak ere desberdinak izango direla jabetzen gara.
  1. Gertatutakoa ulertze aldera, baina ez justifikatzeko, guztiaren azpian izan den gatazkaren izaera politikoa onartu dugu, nahiz eta bakoitzak ematen dion garrantzia desberdina izan. Gatazka politikoaren muinean, estatuarekiko harreman marko juridiko propioa askatasunez erabakitzeko aukera eza dagoela partekatzen dugu.
  2. Gatazka honen baitan, indarkeri mota desberdinak izan direla onartzen dugu. ETAren indarkeriak dena zailagotu zuen, eztabaida politikoa gogortuz, min injustua eraginez eta jarrerak muturreraino eramanez. Bere aldetik, Estatuak ETAren aurkako borrokaren estrategiaren baitan eragindako indarkeriak ere min injustua eragin du eta, legearen babespean egin den neurrian, ikuspegi etiko batetik larriagoa iruditu zaigu.
  3. Azken urteotan, gizartea aldatzen hasi dela ikusi dugu. Zenbait hurbilketa ematen hasi da, baita zenbait inertzia puskatzen ere. Hala ere, oraindik gorroto begiradak sumatzen dira eta horiek gainditze aldera gizartean pedagogia lan zabala egin beharra ikusten dugu.
  4. Giza eskubideekiko eta euren urraketekiko ikuspegi partzialak izan ditugula onartzen dugu. Giza eskubideen errespetuan urratsak ematen jarraitu behar dugu. Giza eskubideak, lehen bezala orain ere, bere osotasunean hartu eta errespetatu behar ditugu.
Foroaz erreportaje zabala argitaratuko du UROLA KOSTAKO HITZAk datorren asteazkeneko egunkarian. Han foroko kideen adierazpenak eta testigantzak irakurri ahal izango dira. Hona hemen atzoko ekitaldiko irudiak:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide