Barneko txinpartak, ateratzear

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko abe. 1a, 10:37

Inharrakek ikus-entzunezko proiektuaren sormen prozesua aurkeztuko du gaur, 20:30ean, Soreasuko Dinamoan. Azpeitiko Udalaren eta Kultur Mahaiaren Sormen Beka jaso zuten.

(Inharrak) Barneko txinpartak edo argi izpiak. Kezkak, nolabait ere. Horiek barrenetik aterako dituzte argitara Inharrak taldeko kideek. Haiek diotenez, Inharrak jarri diote izena proiektuari, hitz horrek "ondo islatzen" duelako egitasmoa. Joan den ekainean Azpeitiko Udalaren eta Kultur Mahaiaren Sormen Beka jasotzean hasi ziren proiektuarekin lanean Iraia (Azpeitia, 1988) eta Eider Bereziartua (Azpeitia, 1991) ahizpak eta Egoitz Arruti (Azpeitia, 1980). Eta gaur Soreasuko Dinamoa sormen gunean izango dira proiektuaren sormen prozesua eta egitasmoaren zertzeladak azaltzen. 20:30ean hasiko da aurkezpena. Inharrak proiektuak lehen txinparta atera du dagoeneko; izan ere, musika, poesia eta irudiak uztartzen dituen lehen ikus-entzunezkoa osatuta dute taldeko kideek. Bihar bideo hori ere emango dute Dinamoan, herritarrek egitasmoa ezagutu dezaten. "Poesia musikatua" "Aspalditik" zuten buruan proiekturen bati eustea, baina Arrutik dioenez, udalaren sormen bekak eman zien lanean hasteko bultzada. Ez da, baina, ezerezetik sortutako proiektua izan. Bereziartua ahizpek azaldu dute "askotan" aritzen zirela "musikarekin jolasean". "Bakoitzak sortzen zuenetik abiatuta, poesia musikatua egitea" erdietsi zutela dio Arrutik. "Iraia musikaz arduratzen da, eta Eiderrek eta nik irudiak eta hitzak sortzen ditugu, hurrenez hurren". Ikus-entzunezkoetan "barneko kezkak" adieraztea dute xede. "Aukeratutako gaiekin ikusleak identifikatuta" sentituko direla uste du Iraia Bereziartuak. Gaurdaino, denbora eta erlazioak izan dituzte lanerako muin, eta aurrera begira edertasuna  eta heriotza lantzea aurreikusten dute. Halere, gaia aukeratzearekin ez dira bukatzen Inharrakeko kideen egitekoak. Sormen prozesu guzti-guztia beraiek egiten dutela dio Eider Bereziartuak. "Musika sortu eta interpretatu, gidoia idatzi, grabatu, bideo muntaia egin... lan handia da". Hala eta guztiz ere, "gogotsu" daudela adierazi du Iraiak, eta hori behar-beharrezkoa da halako proiektuak aurrera eramateko. Izan ere, "sormenari ilusioz" heldu behar zaiola uste dute Inharrakeko kideek. Horrelako prozesuak ez dira, ordea, berehala bukatzen, eta "buruhausteak" izan dituztela aitortu du Arrutik. Halere, bigarren bideoa ere "bidean" dela jakitera eman du Eiderrek. Buruhausteak, zailtasunak eta ezinak aparte utzita, argi dago: sortzaileak badira Azpeitian eta  sormenak badu tartea herrian. Inharrakekoek Dinamoa bezalako guneak "beharrezkoak" direla uste dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide