Gaur, asteazkena,
itxiko dute Lapatx zabortegia. Hondakin gehiagorentzat tokirik ez dagoelako itxiko dute, eta bihartik aurrera ez dute zabor gehiago ekarriko Azpeitiko zabortegira. Azaroaren 17an jakinarazi zuen erabakia Azpeitiko Udaleko eta Urola Erdiko Mankomunitateko ordezkariek, eta data horri onespena eman zioten Urola Erdiko Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK); horregatik, gaur itxiko dute.
Eneko Etxeberria alkatea eta EH Bilduren udal taldeak adierazi zuten berri "oso pozgarria" dela. Azpeitiko EH Bilduk ere
berria "pozgarria" zela esan zuen, nahiz eta hondakinak gaika biltzeko sistema jartzea falta dela esan zuen. Horiez gain, EAJk ere Lapatxen itxiera
"oso albiste ona" dela esan zuen.
Sorreran hamar urterako proiektua zen Lapatx zabortegia. Hala adierazi zuen Azpeitiko Udalak 1988an Elosiaga auzoan zabortegia zabaldu zutenean. Zabortegia ixteko epea, ordea, behin eta berriro luzatu da. Hamar urterako zena 28 urtez ari da hondakinak jasotzen.
Lapatx ixteko azken saiakera iaz egin zuten, 2015eko apirilean itxi nahi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. 2014ko otsailean iragarri zituzten Gipuzkoako zabortegiak ixteko epeak. Lapatxekoarekin batera martxan egon diren beste hiru zabortegiak itxita daude dagoeneko: 2014ko abenduan itxi zuten Zarauzko Urteta eta 2015. urtean Beasaingo Sasieta. Errenteriako San Markos, berriz, orain dela zortzi urte itxi zuten, 2008an. Beraz, iaztik hondakinak jasotzen jarraitu duen Gipuzkoako zabortegi bakarra izan da Azpeitikoa, Lapatx.