Begoña Arakistain azpeitiarrak irabazi du ‘Erosi Azpeitian Berriaren eskutik’ kanpainaren 1.000 euroko saria

Urola Kostako Hitza 2016ko azaroaren 24a

Gainera, Berria egunkarian publizitatean gastatzeko 1.000 euroko txartela ere zozkatu dute Berrialagun diren denden artean, eta Luma kopistegiak eskuratu du saria.

Bertaneko teknikariak eta elkarteko dendetako ordezkariak, udaleko ordezkariak eta Berriako kideak. (Julene Frantzesena) Gaur, osteguna, egin dute Erosi Azpeitian Berriaren ekutik kanpainaren zozketa Sanagustin kulturgunean. Azaroaren 4tik 18ra Bertaneko kide diren eta Berrialagun egin diren dendetan erosketak egin dituzten herritarren artean egin dute zozketa, eta Begoña Arakistainek irabazi du denda horietan gastatzeko 1.000 euroko txartela. Horrez gain, Berrialagun diren denden artean ere egin dute zozketa; Luma kopistegiak Berrian publizitatean gastatzeko 1.000 euroko saria eskuratu du. Zozketa ekitaldian izan dira, besteak beste, Berria egunkariaren zuzendari Martxelo Otamendi, Bertaneko teknikariak eta zenbait dendatako ordezkariak, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta Josu Labaka eta Agustin Lizarralde zinegotziak. Otamendik "eskerrak" eman dizkio kanpainan parte hartu dute Bertani eta Azpeitiko Udalari. Hark esan du, esperientzia bera beste herri batzuetan ere egin dutela, eta "oso gustura" daudela Azpeitian izan duen erantzunarekin ere. "Guretzat ere ona da. Egunkari nazionala da Berria, eta batzuetan horrek despistatu egiten gaitu, ahazten baitzaigu gure nazioa herriek osatzen dutela. Beraz, herriz herri horrelako akordioak egitea garrantzitsua da; batetik, herriko merkataritza bultzatzen delako, eta herritarrak bertan kontsumitzera bultzatzea zaila delako; eta, bestetik, euskarazko prentsa horrelako kanpainetan agertzea ona delako", esan du. Etxeberriak ere esan du bat egiten dutela filosofia horrekin: "Udalarentzat plazer bat da halako kanpainak egitea. Izan ere, Euskal Herria baino, euskal herriak esatea gustatzen zaigu. Txikitasunetik zer aportatua badago; izan ere, Azpeitia 5.000 biztanletik gorako herri euskaldunenentakoa da, eta guretzat euskara sustatzea eta bertan erostea oso garrantzitsua da; hori guztia elkartzea garrantzitsua da. Behar-beharrezkoa dugu euskarazko egunkari bat, hizkuntza garatzeko eta aurrera egiteko. Eta garrantzitsua da bertako merkataritza bultzatzea, jendeak hemen eros dezan". Xabier Aldalur Bertaneko teknikariak ere eskerrak eman dizkie udalari eta Berriari, kanpaina antolatzeagatik. "Merkatariek ondo dakite egunero denda ireki eta lan egiterako garaian zenbat eskertzen den beste eragileekin halako egitasmoak egitea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide