Gerraundiko Miren, gerrillako Laura

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko aza. 24a, 12:10

Laurak edo Miren Odriozolak El Salvadorren eta Euskal Herrian bizitako borrokak liburuan jaso ditu Leire Ibargurenek. Zapatuan aurkeztuko dute, Sanagustin kulturgunean (12:00).

Miren Odriozola El Salvadorren, 1993an. (Miren Odriozola) Laura zen El Salvadorren. Hura zuen goitizena. Gerrillako kideek hala deitzen zioten. Azpeitian, berriz, Miren da; Miren Odriozola edo Gerraundiko Miren (Azpeitia, 1944). Euskal Herria eta El Salvador, biak ditu bihotzean Odriozolak, eta bietan bizi izandakoak, borrokak, jaso ditu Leire Ibargurenek (Azpeitia, 1979) liburu batean. Haren izenburuan ere biak ageri dira: Laura eta Miren. Izan ere, Laura deitzen zioten. Miren Odriozolaren borrokak izena du liburuak. Hiru urtez Odriozolaren bizitzan murgilduta ibiltzea "plazera" izan da Ibargurenentzat. "Liburuak balio izan dit egin duen lana eta ekarpena zenbaterainokoa izan den jabetzeko". Odriozolaren izaera ere nabarmendu du: "Pertsona konprometitua da. Belaunaldien eta kulturarteko mugak gaindituz, kolektiboetan aritzeko gaitasun handia du. Konfiantza ematen duen pertsona da, jatorra, umila, diskretua...". El Salvadorrera bidaia Odriozolak El Salvadorreko gerran bizi izandakoa du oinarri liburuak. Ibargurenen arabera, han egindako ekarpena eta hango bizipenak dira kontakizunaren haria, baina iraganera ere egiten du salto kontakizunak. "Euskal Herrian aurrera eraman zituen borroka desberdinak ere kontatzen dira". Ibargurenek aitortu du liburua idazten hasi aurretik ezer gutxi zekiela El Salvadorrez. "Miren han egon zela banekien, baina hortik aurrera... Liburua idaztea erabaki nuenean hasi nintzen herrialde haren inguruko informazioa biltzen. Eta, egia esan, zenbat eta informazio gehiago izan, interesgarriagoa egin zait han gertatutakoa". Proiektuari eustea erabakitzean eman zion asmoaren berri Odriozolari. Liburuko protagonistak dio "ezustean" harrapatu zuela proposamenak. "Baietzik ez nion esan [barrez], ez bainuen sekula pentsatu nire inguruko liburu bat egingo zenik. Udalbiltzaren epaiketaren zain nengoen, eta ikusiko genuela esan nion. Behin eta berriz esaten zidan, baina, liburua egin nahi zuela, eta absolbitu gintuztenean baietz esan nion. Izan ere, zer pentsatu eman zidaten bi arrazoi esan zizkidan: batetik, nire esperientziak herritarrekin partekatzea interesgarria zela; eta,  bestetik, emakumeen esperientziekin oso liburu gutxi egiten zirela eta emakumeak beti ikusezinak garela. Horiek entzunda, baiezkoa eman nion, nahiz eta lotsa eta estuasuna eman". Liburua osatzeko prozesuan, momentu batzuetan, "baietz esatearekin damutu" zela dio Odriozolak barre artean. Baina aurrera jarraitu dute, eta Odriozolak beretzat gordeta zituen bizipenak irakurgai izango dira zapatutik aurrera. "Esperientzia horiek guztiak barruan ditut, eta ez zait zaila egin kontatzea", dio. Odriozolari elkarrizketa ugari egiteaz gain, El Salvadorrera bidaiatzeko parada ere izan zuen idazleak. Bidaia "esperientzia hunkigarria" izan zela dio: "Ikustekoa da zenbat estimatzen duten. Azaldu ziguten zer bizi izan zuten gerran, zer izan zen hainbeste urtez frontean bizitzea, nola antolatzen ziren, eta, gogortasun guztiaren gainetik, nolako elkartasun harremanak sortu zituzten beren artean. Horretan guztian Odriozolak zer paper izan zuen, zer ardura zituen eta alde gizatiarra nola erakutsi zuen ezagutu ahal izan genuen". Aurkezpena, Sanagustinen Zapatuan 12:00etan izango da liburuaren aurkezpena Sanagustin kulturgunean. Bertan parte hartuko dute liburuaren egileak eta protagonistak, Jose Luis Otamendi idazleak nahiz Txalaparta argitaletxeko eta Emagineko ordezkariek. Azken horiek izan ditu bidelagun idazte prozesuan, eta haien "babesa eskertu" du idazleak. Ibargurenek azaldu du aurkezpen ekitaldi "polita" prestatu dutela. "Jendea istorioan sartuko dela uste dut. Bertaratzen denak sentituko du zer izan den Odriozolaren bizitza. Izan ere, jende askok ezagutzen du, baina ez da hain ezaguna haren bizitza". Liburuaren egileak dio Odriozolarekin hainbat borroka partekatu dituen jendea bertaratzea gustatuko litzaiokela, eta uste du liburuak balioko duela jabetzeko "gure inguruko pertsonek bizipen oso interesgarriak dituztela". Odriozolak "bihotzez" eskertu dio egindako lana Ibargureni: "Askotan esperientziak hor gelditzen dira, eta nireak liburuan jasota geldituko dira. Dena den, jaso dena ez da nire bizitza bakarrik, El Salvadorren gertatutakoaren berri izango du jendeak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide