"Herritarren partaidetza areagotzeko eta emakumeen kirolari merezi duen ikusgarritasuna emateko" Kirol Sariak berritzea erabaki dute Azpeitiko Udalak eta Kirol Mahaiak. Horrenbestez, norbanakoei edo taldeei zuzendutako hiru Kirol Sari banatuko ditu aurten udalak: urteko gizon kirolariaren saria, urteko emakume kirolariaren saria eta urteko aipamen berezia boluntario lanetan aritu direnentzat.
Hiru sarietarako hautagaiak herritarrek proposatu ahal izango dituzte, eta baita herriko kirol taldeek ere. Hautagaiak azaroaren 28tik abenduaren 4ra bitartean aurkeztu beharko dira udaleko harrera proposamena idatziz aurkeztuta, kirolak@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 943-15 00 95 telefonora deituta. Proposamenak egiten dituenak, iradokizunaren zergatia azaldu beharko du. Horri lotuta, udalak esan du "kirol emaitzez gain, bestelako balio eta merituak ere kontuan hartzea garrantzitsua dela". Herritarrek eta kirol taldeek egindako proposamen guztiekin zerrenda osatuko du udalak, eta herritarrek ondorengo aukeraketan ere parte hartu ahal izango dute. Kiroldegian eta igerilekuan hautagai guztien zerrenda jarriko dute, eta herritarren botoa emango dute bi toki horietan jarriko dituzten kutxetan. Boto bidezko aukeraketa prozesu hori abenduaren 5etik 11ra egingo dute. Herritarren botoak kontatuta, epaimahaiak balorazioa eta aukeraketa egingo du. Epaimahai hori osatko dute Udaleko Kirol batzordeko kideek, Udal Kirol Patronatuko zuzendariak, udaleko kirol teknikariak eta kirol esparruan eskarmentua duten herriko bi kazetarik. Abenduaren 12an elkartuko da epaimahaia, eta bilkura horretan erabakiko dute 216ko Azpeitiko Kirolariaren sariak eta Kirol Boluntarioena nork jasoko dituen. Sariok abenduaren 17an, zapatua, banatuko dituzte 12:00etan, udaletxean egingo den ekitaldian. Iaz Ilunpe pilota elkarteak jaso zuen Azpeitiko Kirolari Onenaren saria. 2015eko Kirol Boluntarioaren saria, berriz, Jabier Urbieta Takolok eskuratu zuen, "Lagun Onak Mendi Bazkunako zuzendaritzan 25 urte egin zituelako eta mendirako afizio handiarekin jarraitzen zuelako".