Udala hautetsiek "gertu daudela, baina gertuago egon nahi luketeela" esan dute: "Enplegua da gure herritarren lehentasuna, eta gaur egun ditugun tresnak, sustapen ekonomikoa, lur industrialak eta antolamendua ebaluatu nahi ditugu, batez ere". Etxeberriak adierazi duenez, bisiten helburua da Sustapen Planaren bidez, udalak enpresei eskaintzen dizkien baliabideen berri ematea. Izan ere, udalak joan zen urriko udalbatzarrean erabaki zuen kooperatibei Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan %50eko hobariak eskaintzea.
Aurreneko bisitak egin dituzte. Irurena eta Danona enpresetan izan dira dagoeneko udal ordezkariak, eta haiek esan dutenez bietan "albiste onak" jaso dituzte. "Bi enpresek inbertsio berriak egin eta enpresa berriak eskuratu dituzte. Irurenak Urnietako enpresa bat erosi eta Azpeitira ekarri berri du, eta enpresa handitzen ari dira. Danona, berriz, urte luzez bizi izan duen egoera delikatuari pixkanaka buelta ematen ari dira; Oñatiko lantokia Azpeitira ekarri dute". Udal ordezkariek esan dute herrirako "apustua indartzen" ari dira bi lantokiak.