‘Testurak’, emakumeen etxeak saretzen hasteko

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko aza. 9a, 10:32

‘Testurak’ bertso saioa izango da gaur 19:00etan, Emakumeen Txokoan. Emakumeen Etxeen Sareak antolatutako saioa da, eta emakumeen etxe desberdinetan ari dira emanaldi "berezi" hauek egiten.

[caption id="attachment_311825" align="aligncenter" width="300"]Lau emakume ariko dira kantuan 'Testurak' saioan. (Hitza) Lau emakume ariko dira kantuan 'Testurak' saioan. (Hitza)[/caption] Emakumeen Etxeen Sareak antolatuta, Testurak bertso saioa izango da gaur Azpeitiko Emakumeen Txokoan, 19:00etan hasita. Maialen Akizu, Rosi Lazkano, Ane Labaka eta Onintza Enbeita ariko dira kantuan, eta Amaia Agirre arduratuko da gaiak jartzeaz. Azpeitikoa ez da Testuraken aurreneko saioa izango; izan ere, beste herri batzuetako emakumeen etxeetan egin dituzte dagoeneko. Hala ere, saioa "berezia" izango dela dio Izaskun Egiguren Azpeitiko Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak. "Sormena lantzeaz gain, emakumeen presentzia indartzen du emanaldiak. Nolabait, plaza publikoetan emakumearen presentzia areagotzea da helburuetako bat". Belaunaldi desberdinetako bertsolariak elkartu dira Testurak saioa dela-eta, eta emakumeen etxeetan horri "garrantzia handia" ematen diotela dio Egigurenek. "Emakumeok elkarlanean aritzeko aukera desberdinak sortu behar ditugu, eta oso garrantzitsua da belaunaldien arteko zubiak egitea". Bertsolariek hainbat idazleren eta sortzaileren testuak izango dituzte kanturako oinarri. Emakumeen Etxeen Sareko kideek diotenez, horregatik jarri diote Testurak izena proiektuari: "Testuak nork bere egiten dituenean testurak baitira". Emakume etxeak saretzen Egun zortzi bat emakume etxe daude Euskal Autonomia Erkidegoan: Arrasate, Azpeitia, Basauri, Donostia, Durango, Eibar, Ermua eta Ondarroa. Horiek denek osatzen dute sarea, eta "ugaritzen" ari direla dio Egigurenek. "Etxeak emakumeentzako erreferentziazko espazioak dira, emakumeen jabekuntza sustatzea helburu dutenak, eta berdintasunaren aldeko tokiko politika publikoen erreferentzia dira. Ondorioz, tokiko politika feministak indartzera datoz emakumeen etxeak". Iaz egin zuten bilkura batean erabaki zuten Euskal Herriko emakume etxetako ordezkariek "gune horiei sare zentzua ematen" hastea. Sarearen helburua da emakumeen etxeak betetzen dituen funtzioak "erakustaraztea, errekurtso publiko horiei balioa ematea, baliabideak elkartrukatzea eta komunikazio bideak erraztea". Tokian tokiko etxe horiek guztiak saretzen hasteko lehen pausoa da, beraz, Testurak. Emanaldietan azkena abenduan izango da, baina sarea osatzen jarraituko dutela dio Egigurenek. Emakumeek egiten duten lanaren ispilua, sarea, josten jarraituko dute, haiek egiten duten lana ikusarazteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide