Balentina Agirre Elorza plaza. (Julene Frantzesena)
Balentina Agirre Elorza izena jarri diote Ildefonso Gurrutxaga kalearen ondoako plazari. Piraten parkea dagoen plazak, beraz, emaginaren izena izango du aurrerantzean, Emakumeen Mahaik proposatu eta Azpeitiko Udalak aho batez hala onartu ostean. Atzo, asteartea, egin zuten azaroko udalbatzarra, eta han proposatu zuen EH Bilduren udal gobernuak plazari izen hori jartzea. EAJko zinegotzi guztiek ere aldeko botoa eman zuten. Abenduan inauguratuko dute plaza.
Eneko Etxeberria alkateak esan zuenez, "justizia" egin nahi izan dute Agirrerekin: "Emakumeak falta dira Azpeitiko kale izendegian, eta hau lehenengo pausoa da. Urrats gehiago egiteko ere ados gaude udal ordezkariok, eta egingo ditugu. Baina plaza ez zaio eskainiko emakumea zelako, emakume oso ezaguna zelako eta herriaren alde lan asko egin zuelako baizik. Milaka ume jaio ziren Agirrerekin; 35 eta 70 urte dituzten azpeitiar gehienak". Etxeberriak Agirreren izaera goraipatu zuen: "Emakume indartsua zen. Bizitzak kolpe asko eman zizkion, baina beti aurrera jo eta ikasi egin zuen, ikastea oso ohikoa ez zen garai hartan. Emakume konprometitua zen, arrasto handia utzi zuen eta herriari asko eman zion". Aurrerantzean "arrasto handiagoa" utziko duela esan zuen. "Plaza horretara joaten garenean, herritar guztiok jakingo dugu nor zen Balentina, eta bere presentzia hor egongo da". Etxeberriaren aburuz "pozteko" albistea da plazari emaginaren izena jarri izana.
Aitor Gorrotxategi ere "pozik" agertu zen erabakiarekin, aspalditik esanda zeudelako emakumearena behar zuela izan herrian jartzen zen hurrengo kale izenak, "oreka bilatzeko". EAJren udal bozeramaileak azaldu zuenez, bera da Balentinaren laguntzarekin jaio zen azpeitiar horietako bat. "Haur jaio berria eskuetan hartu eta hala pisatzen zituen umeak. Eskuetan izanda esaten zuen, 'lau kilomo mutil koskorra'".
1918an jaio zen Balentina Agirre Elorza Izarraitz auzoko Egurtza baserrian. Urte luzez emagin lanetan aritu ostean, 1987an hil zen.
Uztarria Komunikazio Taldeak Olatz Prat kazetariak idatzitako
Balentina Agirreren liburua kaleratu zuen 2009an, liburuxka biografikoen bildumaren barruan.