Irudiak eta hitzak, bat eginik

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko aza. 3a, 10:04

Argazkigintza eta literatura ardatz dituen Irudhitzen lehiaketa jarri du martxan Uztarriak. Jasotako irudiekin eta testuekin 2017rako egutegia osatuko dute.

Argazkilaritza eta literatura uztartzen dituen Irudhitzen lehiaketa jarri du martxan Uztarria Komunikazio Taldeak, Kultur Mahaiarekin eta Argazki Elkartearekin elkarlanean. Uztarriako kide eta kazetari Maialen Etxanizek azaldu duenez, lehiaketa antolatu dute herritarren sorkuntzan eragiteko: "Lehiaketaren bidez, herritarrak euskal sorkuntzara hurbil daitezen nahi dugu. Azpeitiarrek Uztarriak sortutako proiektuetan parte hartzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu, eta bide horretan dator lehiaketa hau ere. Izan ere, beharrezkoa da herritarren parte-hartzea proiektuak bizirik iraun dezan". Lehiaketak bi atal ditu, eta aurrenekoa, irudiena, martxan da dagoeneko. Herritarrek Azpeitian ateratako argazkiak bidal ditzakete azaroaren 18ra bitartean lehiaketakuztarria@gmail.com helbidera. Uztarriako kide Maialen Etxanizen esan duenez, irudietan objektuak, pertsonak nahiz paisaiak erretratatu ditzakete parte-hartzaileek, baina "nabaritu behar da argazkia Azpeitian egindakoa dela". Gaur egun, teknologia esku-eskura izanda, argazkiak ateratzea geroz eta ohikoagoa dela esan du Uztarriako kideak. "Denok dugu mugikor bat esku artean, eta edozein une da ona argazki bat egiteko. Gainera, herrian bada argazkigintzarako zaletasuna, eta geroz eta jende gehiagok erabiltzen ditu kamerak. Horregatik, herritar oro animatu nahi dugu lehiaketan parte hartzera". Lehiaketari hainbat oinarri jarri dizkiete antolatzaileek. Besteak beste, Azpeitiko bizilagun ez direnek ere har dezakete parte lehiaketan, parte-hartzaile bakoitzak gehienez bost irudi aurkez ditzake txapelketara eta zuri-beltzean nahiz koloretan bidal daitezke argazkiak. Behin lanak bidaltzeko epea bukatuta, Argazki Elkarteko hainbat kidek osatutako epaimahaiak jasotako irudi guztietatik hamabi hautatuko ditu, "originaltasuna eta kalitatea" kontuan hartuta. Irudi horiek bigarren fasera, hitzenera, igaroko dira. Gainera, argazki horietatik guztietatik bat nabarmenduko dute epaimahaikideek, eta argazki horren egileak 150 euroko diru saria jasoko du. Hitzentzako tartea Epaimahaiak aukeratutako hamabi argazkiei hitzak jartzeko aukera ere izango dute herritarrek. Hala, argazki horiek Uztarria.eus-en argitaratuko dituzte azaroko hirugarren astearen bueltan. Herritarrek argazki bakoitzarentzat testu laburrak sortu ahal izango dituzte; bat edo gehiago. Argazkiak Uztarria.eus-en argitaratzen direnetik abenduaren 16ra bitartean jasoko dituzte testu motzak, lehiaketakuztarria@gmail.com helbidean. Lehiaketaren literatura atala baloratuko dute Anartz Izagirrek, Izaro Zinkunegik eta Alaitz Olaizolak, eta horiek argazki bakoitzarentzat testu bat aukeratuko dute, eta hamabi testuetatik bat nabarmendu. Testu horren egileak ere 150 euroko saria jasoko du. 2017rako egutegia Herritarrek ateratako argazkiekin eta haien islada izango diren testu laburrekin lagunduta, 2017rako egutegia kaleratuko du Uztarria Komunikazio Taldeak. Bazkideei etxe guztietara banatuko diete egutegia datorren urtearen hasieran. Gainerako herritarrek erosteko aukera izango dute herriko hainbat txokotan. Etxanizek dioenez, aspalditik zuen Uztarriak egutegia kaleratzeko gogoa: "Garai batean saltoki ugarik ateratzen zituen egutegiak, bezeroen artean banatzeko. Pixka bat galdu egin da ohitura hori beharbada, eta etxeetara sartzeko aukera paregabea izan daiteke Uztarriarentzat".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide