Ioritz Hidalgo: "Gogoa baldin baduzu eta lana eginez gero, edozer lor daiteke"

Julene Frantzesena 2016ko aza. 2a, 10:34

Eu-xcel programaren barruan, bigarren saria jaso du azpeitiarrak Drive Brands enpresa ideiari esker. Proiektua idatzita eta garatuta dago, martxan jartzea soilik falta zaie.

Ioritz Hidalgo Ioritz Hidalgok (Azpeitia, 1996) bigarren saria eskuratu du Europako gazte ekintzaileei zuzendutako Eu-xcel programan. Beste lau lagunekin batera Drive Brands proiektua hezurmamitu du azpeitiarrak, eta enpresa ideia martxan jartzekotan dira. Valentzian (Herrialde Katalanak) bizi da egun azpeitiarra, han ari baita ikasten eta lanean. Nola hartu zenuen sariaren berria? Eu-xcelen egoitza bakoitzak bi startup edo enpresa sortuberri onenak aukeratu zituen. Gure proiektua Atenasen garatu zirenen artean bigarren onena zela jakinarazi ziguten irailean. Gustura hartu genuen berria, noski. Zertan datza Drive Brandsek? Gaur egun jendeak asko gidatzen du, eta diru iturri bilakatu daiteke hori. Proiektua gauzatzeko behar dira gidariak eta enpresak. Autoei biniloak jarri behar zaizkie enpresen publizitatea egiteko, eta txoferrek enpresek nahi duten guneetan barrena gidatu beharko dute. Adibidez, Adidasek nahi badu hiri baten erdigunean egin publizitatea, bilatu beharko dugu gune horretatik igaroko den gidari bat, eta haren autoari pegatinak jarriko dizkiogu.Gidariak diru kopuru bat jasoko du hilaren bukaeran, gidatu duen kilometro kopuruaren araberakoa. Martxan jarriko duzue proiektua? Eu-xcel programaren finala Munichen izan zen joan den astean, eta gure proiektuak bigarren saria jaso zuen. 3.000 euro eman zizkiguten proiektua laguntzeko, baina diru kopuru hori sinbolikoa da, enpresa bat, txikia izanagatik, ezin baita jarri martxan zenbateko horrekin. Munichen kontaktuak egin genituen, eta inbertsoreak ere etorri zaizkigu; ostiralean daukagu bilera haietako batekin. Dirudienez interesa du proiektuan, eta diru kantitate bat jartzeko prest dago. Beraz, gustura gaude. Hasieran, Valentzian eta Murtzian jarri nahi dugu proiektua martxan. 22 urtetik gorakoentzat zen izatez programa. Zuk 19 dituzu, eta aukeratuen artean dago zure ideia. Unibertsitatez kanpo hainbat proiektu egiten aritu izan naiz, gehiago ikasteko edo ikasia praktikan jartzeko. Ingeniaritza Informatikoa ari naiz ikasten, baina negozio kontuak gustatzen zaizkit. Eta Eu-xcel programak, hain zuzen, laguntzen du zure ideiaren negozio ikuspuntua lantzen eta garatzen. 500 lagunek eman genuen izena eta Europa osoko 100 soilik hartu gintuzten. Salbuespena egin zuten nirekin, adinari dagokionez. Nolakoa izan da proiektuaren garapen prozesua? Aukeratutako 100 lagunak sei egoitzatan banatu gintuzten. Atenasera bidali ninduten ni. Maiatzaren 21etik 28ra han egon nintzen beste hainbat gazterekin eta irakaslerekin batera. Proiektua nola atera aurrera landu genuen han. Programaren xedea zen egonaldian startup edo enpresa txiki berri bat sortzea eta garatzea, eta gero, udan, on line saioak egin ditugu.Taldeko kideak Europako hainbat herrialdetakoak ziren, eta denon artean ideiak aztertzen aritu ginen. Horietako bat izan zen Drive Brands. Halako proiektuak garatzeko, taldean ala bakarka nahiago? Orain arte, ia beti, beste lagun batekin abiatu izan ditut proiektu guztiak. Hau desberdina izan da, baina esperientzia ederra aldi berean. Asko ikasi ahal izan dut taldeko kideei esker, eta oso-oso positiboa izan da bizitakoa. Lan handia eskatzen al du Drive Brands gisako proiektu bat garatzeak? Bai. Lan izugarria izan da, baina laguntza handia izan dugu. Zaila izan bada ere, asko ikasi dugu. Gogoa baldin baduzu eta lana eginez gero, edozer lor daiteke. Ingeniaritza Informatikoa ari zara ikasten. Itxura batera proiektuak ez du lotura handirik ikasketa horiekin. Hala da. Aurten hirugarren maila hasi dut, baina une honetan bigarren planoan ditut ikasketak. Izan ere, konpainia batek udan eskaini zigun marketin enpresa bat sortzea. Agentzia zabaldu genuen, eta bertan ari naiz orain lanean. Unibertsitatean lan kontratua aurkeztuta azterketetara joan ahal izango dut. Ikasketak aparte samar baditut ere, negozioen atalarekin lotura duen espezializazioa egingo dut aurten. Madrilgo Antolaketa Industrialeko Eskolak osatutako ekintzaileen zerrendan ere ageri zara. Ez dakit zenbat proiektu aurkeztuko zituzten, baina 50 onenen artean sartu dute Drive Brands. Hori dela eta, lau hilabeteko on line ikastaroa ari naiz egiten. Beka jaso dut, eta bi aste barru Geelera (Belgika) joango naiz proiektua aurkeztera. Beste proiekturik-edo baduzu esku artean? Oraingoz, ez. Marketin agentzian nabil gustura eta buru-belarri. Drive Brands aurrera ateratzea da orain xedea. Inbertsorea aurkitu behar dugu, horren arabera egingo baitu aurrera edo atzera proiektuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide