(Ibon Errazu)
Gaur, igandea, jokatu dute Euskal Herriko Lehen Mailako aizkolarien finala, eta hirugarren egin du Mikel Larrañaga azpeitiarrak. 12:00etan hasita, sei aizkolari aritu dira lehian, Bilboko Bizkaia pilotalekuan: Mikel Larrañaga, Aitzol Atutxa, Iker Vicente, Joseba Otaegi, Juanjo Lopez eta Ugaitz Mugertza. 1.000 lagun baino gehiago izan dira frontoian.
Bakoitzak lau kana erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko ebaki behar izan ditu, eta Aitzol Atutxa izan da lanak azkarren egin dituena. Haren ondoren, Joseba Otaegi sailkatu da. Zizurkildarrak lehia estua izan du hirugarren sailkatu den Mikel Larrañagarekin, eta 15 segundoren aldearekin hartu dio aurrea azpeitiarrari.
Finala bukatutakoan
Euskadi Irratian hitz egin du Larrañagak, eta hirugarren postua lortuta "pozik" bazegoen ere, "bigarren postua hain gertu ikusita, arantza txiki bat" gelditu zaiola barruan adierazi du. "Aukera ikusita, pena pixka bat ematen du". Egin beharreko lanak "nekatuta" amaitu dituela ere jakinarazi du azpeitiarrak.
Atutxa zen gaurko faborito nagusia, eta hutsik egin gabe, txapeldun postuari eustea lortu du. Finalaren aurretik Vicenterekin nor baino nor ariko zela uste zuen batek baino gehiagok, baina ez da hala izan. Izan ere, Vicente laugarren sailkatu da. Bazen Larrañaga faboritotzat zuenik ere.
Larrañagaren lagunak eta senideak Bizkaia frontoian zirela nabari zitekeen; izan ere, bi pankarta handi behintzat jarri dizkiote azpeitiarrari.
Aizkora tresna, arma, indarra. Egurre Larra!, zioen horietako batek, eta
Mikel beti gure txapeldun! besteak. Larrañagak bi pankartek ilusioa egin diotela esan du Euskadi Irratian, eta eskerrak eman dizkie lagunei: "Etorri egin dira, eta asko eskertzen diet etorri izana".
Larrañaga Leitzako kanporaketan lortutako hirugarren postuari esker sailkatu zen finalera, eta orduko hartan Urola Kostako Hitzari azaldu zionez, gaurko ere
hirugarren postua zuen begiz jota.
Finalaren ostean Euskadi Irratian hitz egin du Larrañagak,
Honako hau izan da sailkapena:
1.- Aitzol Atutxa (00:44:47).
2.- Joseba Otaegi (00:48:25)
3.- Mikel Larrañaga (00:48:40)
4.- Iker Vicente (00:49:32)
5.- Juanjo Lopez (00:50:57)
6.- Ugaitz Mugertza (00:51:29)
Hona hemen, finaleko argazki batzuk:
(Argazkia: Saioa Lesaka eta Ibon Errazu)