Ekain Urrestilla eta Iago Azkue. (Julene Frantzesena)
Egun magikoa izango da biharkoa. Magikoa, haurrei nahiz helduei zuzendutakoa. Magikoa, dozena erdi mago inguruk beren abileziak erakutsiko dituztelako. Magikoa, Txisteratik Egun Magikoa izango delako. Ilusioz, egunaren antolaketan murgilduta ibili dira Ekain Urrestilla (Azpeitia, 1976) eta Iago Azkue (Azpeitia, 2003) joan den uztailaz geroztik, eta iristear da haien, herritarren eta magoen ilusioak txisteratik ateratzeko eguna.
Urrestillak eta Azkuek biek dute magiarekiko zaletasuna, eta afizio horrek bultzatuta antolatu dute biharko eguna. "Magia jaialdi gutxi egiten dira Euskal Herrian: Elgetan Magia Mostra eta Gasteizen Magialdia. Hortik aurrera, zerbait bai Bizkaian, baina gutxi, eta Gipuzkoan are gutxiago. Azpeitian denetarik antolatzen da, baina magiarekin lotutako emanaldien hutsunea zegoen. Magiarekiko interesa duten herritarrak izango direlakoan, probatzea erabaki dugu. Ea biharkoak balio duen jendea erakartzeko", esan du Urrestillak. Azkuek ildo beretik hitz egin du: "Azpeitian antolatzen diren gauza askok adina interes piz dezake biharkoak. Jendea gustura eta hurrengo edizioaren zain gera daiteke. Izan ere, magia ikus dezakezu telebistan, baina txunditu egiten du bertatik bertara".
Magiarekiko zaletasuna duen jende asko ez izateak eta magia ekitaldi asko ez antolatzeak badu arrazoi bat Urrestillaren ustez: "Magia lantzen hasteko interes berezia izan behar du pertsonak. Haur askori oparitu zaizkie magia kaxak, barruan azalpenekin, baina hiru egunez erabili, eta bazterrean gelditzen dira. Zergatik? Lanketa handia eskatzen du magia ikasteak. Benetan duzu gustuko edo...".
Urrestillak dio ordu pila bat eskaini izan dizkiola magiari. "Ikasten hasi nintzen liburuekin eta bideoekin. Internet apenas erabiltzen zen orduan. Motibazioa nuen ikasteko eta magia egiteko, eta emanaldi batzuk ere eskaini nituen. Denborarekin, betiko lau gauza ikasita, aurrera egin ezinik gelditu nintzen, eta ordutik ez dut gehiago landu. Hori bai, asko gustatzen zait, eta joaten naiz emanaldietara".
Azkueri magiaren kutxak utzi zion arrastoa; izan ere, hango trikimailuak eginez sortu zitzaion zaletasuna. Urrestillak dioenez, "puri-purian" dago gaztea, eta "hazten lagundu" behar diote. Azkuek dioenez, datorren urtean ediziorik egiten bada, animatuko da parte hartzera. Eta hala bada, ez du lehen emanaldia izango, Soraluzeko Gaztetxean eskaini baitzuen emankizun bat.
Biek ala biek magiaren bueltako kontuak "partekatzeko" jendea sumatzen dute faltan herrian. "Iagorekin lehen aldiz hitz egin nuenean galdetu nion ezagutzen al zuen magiazalea zen herritarren bat, eta ezetz esan zidan", azaldu du Urrestillak. Azkuek ere garbi dio: "Magia ikasteko Azpeititik atera behar da. Eta, bestela, Interneten begiratu. Gu izango gara xelebreak...".
Bertaratzeko deia
"Magiak asko du ikusgarritasunetik" Azkueren arabera, eta "arlo ugari" ditu: "Goizerako kaleko magia antolatu dugu, eta magoek herritarrei zuzenean egingo dizkiete trikimailuak. Gala nagusian, berriz, Bizkaiko eta Gipuzkoako magoek parte hartuko dute. Eta madrildar batek eta Imanol Ituiñok aurkeztuko dute. Magoek diziplina desberdinak landuko dituzte, hala nola magia komikoa, manipulazioa, metamorfosia eta mentalismoa. Ordu eta 20 minutu inguruko saioa izango da".
Lehen aldia izanik, urduri samar daude antolatzaileak egitasmoak izango duen ohiartzunari dagokionez: "Atera dadila ondo biharkoa. Edukiz hala aterako da ziur, baina ekitaldietara jendea joatea nahi dugu. Lehen urtea izanik, ez da gutxi izango".
Sarrerak salgai
Perez Arregi plazatxoko eta Soreasu antzokiko emanaldietarako sarrerak salgai daude Sanagustin kulturgunean eta
www.kulturaz.eus webgunean. Perez Arregin karpa magikoa jarriko dute, eta han bost emanaldi eskainiko dituzte. Emanaldi horietarako sarrera bi euro ordaindu beharko da. Eguneko gala nagusia 19:00etan izango da Soreasu antzokian, eta emanaldi horretarako helduen sarrera hamar euro eta umeena sei euro ordaindu beharko da. Bihar ere erosi ahal izango dira sarrerak karpan bertan eta Soreasuko leihatilan.
Hiru bat lagun aritu dira magia ardatz duen egitarauari forma ematen, eta Ituiño magoaren laguntza izan dute. Urrestillak dioenez, ideiak bazituzten, baina gainerako magoekin harremanetan jartzen-eta lagundu die hark. "Zentzu horretan, oso erraz joan da guztia. Hasieratik prestutasun osoa agertu zigun Ituiñok". Azpeitiko Udalari eskerrak eman dizkiete, "hari esker doalako aurrera egitasmoa", eta baita gainerako laguntzaileei ere. Eta nola ez, egitasmoa aurrez sustatzen lagundu dien Mikel Uribetxeberriari, eta hark eginiko bideoko aktoreei.
Horretan asmatu baitute. Estoldatik atera zen magoa, Elegante Egunez bezala, normal-normal, ezer pasatu ez balitz bezala. Déjà vu? Ez, magia izango zen.