Erraietatik, plazara

Julene Frantzesena 2016ko urr. 18a, 09:44

Felipe Murillok eta musikari talde batek 'Erraiak' diskoa aurkeztuko dute azaroaren bukaeran. Udalaren Sorkuntza Beka jaso dute, eta finantzaketa kolektiboari ekingo diote aurki.

Felipe Murillo zutik, Gaztain estudioan. (Erraiak) Danele Sarriugarteren Erraiak liburua irakurtzen ari zela hasi zen Felipe Murillo (Azpeitia, 1987) izen bera jarri dion proiektuko abestien hitzak idazten. Murilloren arabera, diskoak badu zerbait liburutik: "Zer ikusia badu, gaiei-eta dagokienez". Erraietatik, barru-barrutik, ateratako istorioak jaso ditu sortzaileak proiektuan, "sentimenduak barrutik kanpora" ateratzeko ariketa izan delako Erraiak. "Abesti batzuk gordeta nituen, aspaldian kanpora begirako gauzak egiten ari nintzelako". Abestien hitzekin barne-gudak plazaratu ditu azpeitiarrak: "Diskoko lehen bost kantuetan azaltzen da pertsona nola sartzen den zuloan, eta zerk eraman duen horretara: inertziak, maitasun erromantikoak... Jendeak, igoal, ez du horrela interpretatuko, baina...". Murillok sortu ditu diskorako abestiak eta haien letrak, baina abeslariak taldea osatu du hainbat musikarirekin: Mikel Zaldua (gitarra), Unai Martinez (gitarra), Xabi Arrieta (bateria), Itziar Beitia (teklatua) eta Jontxu Larrañaga (baxua). Gainera, hainbat kolaborazio ere izan dute diskoan. Petti abeslariak hartu du parte Zuloak kantan, eta Leire Bilbaok idatzi du abesti baten letra. Diskoa aurkeztear Erraiak diskoaren grabaketak uztaileko hirugarren astean hasi zituzten Zestoako Gaztain estudioaken. Abuztuan "Zestoan beraneatu" ostean, nahasketak eta masterizazioa egin dituzte dagoeneko, eta datorren hilaren bukaeran eskainiko dute aurkezpen kontzertua Sanagustin kulturgunean. Ondoren, Durangoko Azokan izango dira, eta kontzertua emango dute Ahotsenean. Murillok dioenez, "proiektuari forma eman" diote jada, eta "gustura" daude egindakoarekin. Orain "diseinu kontuekin" dabiltza Erraiak proiektuko kideak, baina lana kaleratzeko "desiratzen" daude. "Orain arte, apenas zabaldu dugu egindakoa, eta entzun duten pertsonek esan digute gustatu zaiela. Horrek piztu digu plazaratzeko gogoa". Hamar abestik osatuko dute diskoa, eta letrak ITU literatura bandari pasatu dizkiote, haiek abesti bakoitzaren letrari lotutako testuak egin ditzaten. Gainera, ilustrazioak sortzen ari dira Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo. Finantzaketa kolektiboa Erraiak proiektua gauzatzeko Azpeitiko Udalaren 1.000 euroko Sorkuntza Beka jaso du Murillok. Hala eta guztiz, grabaketa prozesuko gastuei aurre egiteko, finantzaketa kolektiboa hasiko dute aurki, www.goteo.org atarian. Eneritz Albizu ari zaie webgune horretan jartzeko bideoa egiten, eta abeslariak esan duenez, proiektuaren nondik norakoak zabaltzeko ere baliatuko dute kanpaina.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide