Joan zen udaberrian
Plazatarrak egitasmoa jarri zuten abian Azpeitiko Udalak eta Iturri-Txiki eta Txiki Txoko ludoteken, eta iazko esperientzia abiapuntu hartuta, ikasturte honetan ere egitasmoari heltzea erabaki dutela jakinarazi dute gaur ostirala. Horrenbestez, herriko ludotekak kalera aterako dira hileko ostiral arratsalde batez, herriko txoko desberdinetan hainbat ekintza egitera. Ludoteketako hezitzaileen arabera, "haurrak azkar animatzen dira, baina gurasoei gehiago kostatzen zaie". Horregatik, dei berezia egin diete gurasoei haurrekin aisia egitasmo horren bidez elkarbana dezaten.
Plazatarraken lehen juntadizoa urriaren 21ean, ostirala, egingo dute, 17:30etik 19:30era. Azpeitiko plaza nagusia izango da topalekua, eta han egingo dute
Herria ezagutuz egitasmoa. Haur Hezkuntza 5. eta Lehen Hezkuntza 6. mailak arteko haurrei eta haien gurasoei zuzendutako egitasmoa da, eta aurrez izena eman behar da parte hartzeko. Herriko ikastetxeetan banatuko dituzte eskuorriak eta horiek bete eta ikastetxean bertan edo Gazte Informazio Bulegoan (GIB) utzi behar dira. Halaber, GIBeko 943 15 71 60 telefonora deitu edo
gib@azpeitia.eus helbidera idatz daiteke. Izen-ematea zabalik da dagoeneko, eta hilaren 17a izango da horretarako azken eguna.
Haurrei eta haien gurasoei zuzendutako egitasmoa da Plazatarrak, "elkarrekin aisiaz eta herriaz gozatzeko aukera eskaintzea da helburua". Ludoteketako hezitzaileek eta udal ordezkariek azaldu dutenez, "giro lasaian, jolaserako eta lagun arterako, herriko espazio publikoak, batez ere plazak, berreskuratu nahi dira. Haurrentzako herria guztiontzako moduko herria da, eta herrian parkeak baditugu, baina parkeez gain, jolaserako hamaika gune eta plaza ere baditugu; gurasoekin, anai-arrebekin, lagunekin... jolasteko. Eta horixe lortu nahi dugu, herritarrak guraso eta haur elkarrekin jolasean ikustea".