Merkataritza dinamizatzaile bat kontratatuko du Azpeitiko Udalak Lanbideren bidez

Urola Kostako Hitza 2016ko urriaren 14a

Lan eskatzaileek Urola Erdiko bizilagunak izan eta administraritza edo informatika ikasketak (diplomatura edo goi mailako zikloa) eginda eduki beharko dituzte. Lan eskaintza horretan izena emateko azken eguna datorren ostirala, urriaren 21a, izango da.

Eskualdeko Enplegu Sustapen Planaren barruan, Azpeitiko Udalaren izenean eskatutako aldi baterako 18 lanpostu sortzea onartu zuen Lanbidek duela aste batzuk, erakunde horrek urtero eman ohi dituen diru-laguntzen bidez. Horietatik bederatzi Azpeitiko Udalak egingo ditu, eta dagoeneko egin daiteke horietako baterako eskaera. Izan ere, Azpeitiko Udalak aldi baterako merkataritza dinamizatzailea kontratatuko du, Lanbideren bidez. Lan eskaintza horretan izena emateko azken eguna datorren ostirala, urriaren 21a, izango da. Dinamizatzaileak Bertan Merkatari Elkartearen eguneroko koordinazioan, kudeaketan eta ekintzen gauzatzean lagundu beharko du, Fideliza Azpeitia proiektua aurrera eramatearekin batera. Horrez gain, azpeitiarren kontsumo ohituren ikerketa osatzen lagunduko du, eta baita datu baseak sortzen eta horiek kudeatzen ere. Gainera, Dendartean Gipuzkoako Merkataritza Bilkurak Eusko Jaurlaritzarekin duen bertako ekoizleen webgunearen proiektua osatzen lagunduko du, ekoizleen kontaktuak lortuz eta webgune horretan datuak sartuz. Lan eskatzaileek administraritza edo informatika ikasketak (diplomatura edo goi mailako zikloa) izan beharko dituzte, eta informatika ezagutza aurreratuak ere bai. Euskara eta gaztelania menperatzea ezibestekoa izango da, eta langabezian egon eta 35 urte baino gutxiago izan beharko ditu eskaera egiten duen Urola Erdiko bizilagunak. Sei hilabeteko lanaldi osoko kontratua izango du dinamizatzaileak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide