Herriko hainbat emakume, atzo egindako agerraldian. (Mailo Oiarzabal)
Duela bost urte zabaldu zuten Azpeitiko Emakumeen Txokoa, eta Azpeitiko Udalak nahiz Emakumeen Txokoak orain arteko ibiliaz barrura nahiz kanpora begirako irakurketa egin dute.
2011ko irailaren 17an zabaldu zituen ateak txokoak, besteak beste, "emakumeen jabekuntza sustatzeko, erreferentziazko espazioa garatzeko eta berdintasunaren aldeko politika publikoak indartzeko". Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziak dioenez, "emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna sustatzeko tresna" da Emakumeen Txokoa: "Azpeitia sexu-genero antolaketak eragiten dituen bereizkeriarik eta indarkeriarik gabeko herria izan daitekeelako, guztion borondateak helburu horrekin bat egiten du". Etxanizek esan duenez, Azpeitiko emakumeentzat eta gizonentzat zabalik dagoen espazio "irekia" da: "Kalitatezko eskaintza sortzen saiatzen gara, eguneroko beharretara eta errealitatera egokitzen dena".
Erdiguneei heldu
"Konplizitate berriak" sortu nahi dituztela azaldu du Izaskun Egiguren Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak. "Azpeitiko eragileek gure eskua luzatuta dute feminismotik elkarrekin ikasteko, arlo, jarduera eta proiektu anitzetan jaso dezakeguna partekatzeko".
Hasitakoarekin jarraitu eta ekarpen berriak egiteko hainbat "erdiguneri eta ertzi" helduko diotela jakinarazi dute. Hala, emakumeen oroimena plazara ateratzen saiatuko direla esan dute, "memoriaren hutsuneak betetzen hasteko".
Horrez gain, "libre" bizi diren herrian "aske" izan nahi dutela aldarrikatu dute: "Gure herriko kaleetan lasai ibili nahi dugu. Horretarako, tratu onak erein eta harreman osasuntsuak eraiki nahi ditugu, bazterkeria oro gure bizitzetatik baztertzeko". Gainera, Emakumeen Txokoa herriko partaide eta eragile dela esan dute. "Azpeitiko emakumeok herria egiten dugu gure partaidetzarekin. Arlo desberdinetan gure espazioa dugu, eta, guretik, ahalduntze prozesuen bidez, bultzada emango diogu partaidetzari".
Horiez gain, bizitzaren sostengurako "eraldaketa tresnen" beharraz ohartarazi dute: "Elkarrekiko zaintzan, enpleguan... sakondu behar da. Bizitzaren sostengua erdigunean kokatu behar da jendarte orekatua lortu nahi bada". Bestalde, emakumeen sormenari eta haiek antolatutako ekimenei espazioa eskainiko die Emakumeen Txokoak, eta "esparru anitzen ispilu" izango dela azaldu du Egigurenek.
Hainbat egitasmo
Ikasturte honetan Emakumeen Txokoko ateak zabalik izango dira, "denon ekarpenak beharrezkoak baitira Azpeitian berditasunaren bidean urratsak emateko", Egigurenek esan duenez. Horrenbestez, beren jardunean "emakume anitzen begiradak" txertatuko dituzte.
Ikasturte honetan ere egitasmo ugari antolatuko dituzte. Datorren asteazkenean, esate baterako,
Zergatik berreskuratu emakumeen memoria historikoa? Gurte memoriaren hutsuneak betetzen tailerra egingo dute, 19:00etan hasita. Irantzu Mendia EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza irakasle eta Hegoa institutuko kideak eskainiko du Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Mahaiak antolatutako hitzaldia.