Bittor Andonegi: "Gero eta behar gehiago sortzen dira, eta horiei erantzun behar diegu"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko urr. 12a, 10:14

(Goiena) ASPANOGI elkarteko kideek taldea osatu dute Grand Prixerako, eta lehendakariak, Bittor Andonegik (Mutriku, 1969), ere parte hartuko du zezen jolasetan. Zer dela-eta aterako zarete zezenaren aurrera? Askotariko ekintzetan parte hartzen dugu elkartearen berri emateko eta gure errealitatea ikusarazteko. Adibidez. zapatuan Azpeitian izango gara eta igandean Oñatiko BTT irteera batean. ‘Minbizi’ hitza entzutean, beldurtu egiten gara, eta pentsamendu beltzenak etortzen zaizkigu burura. Horregatik, parte hartzen dugun ekintza asko oso baikorrak dira, alaiak. Itxaropen mezua ematea da xedea; minbizia gaindi daitekeela esatea. Zertara bideratuko duzue zapatuan bildutako dirua? Ez dakigu zehazki. Elkartearen kontuan sartuko dugu, beharretara bideratzeko. Gero eta behar gehiago sortzen dira, eta horiei erantzun behar diegu. Zapaturako gogotsu al zaude? Bai, zezenaren aurrera ateratzeko ere prest gaude. Ea jendea ikustera joaten den. Esan didate ekitaldi arrakastatsua izaten dela, eta hala izatea espero dugu. Ia eguraldiak laguntzen duen. Zein da ASPANOGIren helburua? Elkartea duela 20 urte sortu zuten, une hartan haurrekin minbiziaren prozesua bizitzen ari ziren lau familiak. Xede nagusia da minbizia duen haurraren eta haren familiaren bizi kalitatea hobetzea. Izan ere, halako kasu batek zeharo aldatzen du bizitza; dena utzi behar duzu, haurra egun batetik bestera ingresatu dutelako. Prozesua, minbiziaren arabera, baina hilabetekoa edo bostekoa izan daiteke. Eta haur horrekin norbaitek egon behar du 24 orduz ospitalean. Zer eskaintzen diozue haurrei eta haien familiei? Informazioa eta laguntza. Beharrezkoa den laguntza psikologikoa eskaintzen diegu. Umeei ere gertatzen ari zaiena azaltzen saiatzen gara, horretarako ditugun ipuinen bidez. Gainera, Piratenea etxea zabaldu dugu Donostian, herri desberdinetatik egunero joan-etorrian dabiltzan gurasoei ostatu emateko. Gutxinaka, baina azken urteetan gauza asko lortu ditugu, eta hobetu nahian gabiltza. Elkartearen eta bertako kideen beharrak betetzen saiatzen gara, eta, aukera sortzen bada, minbiziaren ikerketara bideratzen dugu dirua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide