Grand Prix solidarioa izango da Zezen Beltz asteburuaren barruan

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko urr. 12a, 10:02

Zapatuan eta igandean hainbat ekitaldi izango dira herrian. Berrikuntzen barruan, Grand Prix solidarioaz gain, helduen entzierroa egingo dute igande arratsaldean

Larunbatean eta igandean izango da Zezen Beltz elkarteak urtero antolatzen duen asteburu berezia. Aurtengoa zortzigarren edizioa izango da, eta berrikuntza bat baino gehiago antolatu dute egun horietarako. Izan ere, zapatuko Grand Prixa solidarioa izanik, sarrerekin lortzen duten dirua ASPANOGI elkartearentzat izango da. Horrez gain, helduentzako entzierroa antolatu dute igande arratsalderako. Haur eta helduentzat Zezen Beltz elkarteak haurrei eta gaztetxoei nahiz helduei zuzendutako ekitaldiak prestatu ditu aurten ere. Zapatuan eta igandean, bietan, sokamutur txikia egingo dute 12:30ean, Erdikaletik plazara. Ondoren, berriz, zezen txikiak eta poniak izango dira gaztetxoenentzat plazan. Zapatu arratsaldean jolas solidarioak egingo dituzte zezen plazan. Lau taldek hartuko dute parte Grand Prixean; tartean, ASPANOGI minbizia duten haurren gurasoen Gipuzkoako elkarteko kideek. Ikuskizunerako sarrerak salgai daude hiru euroren trukean, Azpeitiko Juantxo Txiki, Iraurgi SB, Izaro, Azpeitia eta Korrale tabernetan eta Azkoitiko Zurten eta Elurren. Igande eguerdian, azken urteetako legez, oilasko eta sahieski pintxoak dastatu ahal izango dira plazan. Eta asteburua berrikuntza batekin borobilduko dute: helduen entzierroa. Artzubitik plazara eta handik Artzubira itzuliko dira. Ondoren, zezen bolaztatuak izango dira bertan. Hona hemen asteburuko egitaraua: Urriak 15, zapatua -12:30. Sokamutur txikia Erdikalean hasi eta plazara. Ondoren, zezen txikiak eta poniak plazan. -17:00. Grand Prixa, zezen plazan. Bukaeran, zezen txikiak izango dira haurrentzat. Urriak 16, igandea -12:30. Sokamutur txikia, Erdikaletik plazara. Ondoren, zezen txikiak eta poniak plazan bertan. -12:30. Txahal sahieski eta oilasko erretzea, plazan. Horien pintxoak dastatu ahal izango dira, eta musikaz alaituko dute giroa. -17:00. Helduen entzierroa Artzubitik plazara, eta buelta. Ondoren, zezen bolaztatuak Artzubia kalean. Lotura honetan irakur daiteke Bittor Andonegi Aspanogiko lehendakariari egindako elkarrizketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide