Lankidetzarako hitzarmena sinatu dute UEUk eta Azpeitiko Udalak

Urola Kostako Hitza 2016ko urriaren 6a

Hitzarmena tarteko, hainbat ikastaro eta jardunaldi eskainiko ditu Udako Euskal Unibertsitateak. Bakegintzaz jardunaldia izango da hilaren 14an eta 15ean.

Iñaki Alegria, Eneko Etxeberria eta Leire Goenaga. (Urola Kostako Hitza/Julene Frantzesena) Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Azpeitiko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo, herritarrei kalitatezko formazioa eskaintzeko asmoz. Iñaki Alegria UEUko zuzendaria, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Leire Goenaga zinegotzia izan ziren sinadura ekitaldian. Hitzarmena tarteko, hainbat ikastaro eta jardunaldi antolatu dituzte Azpeitian. Hitzarmena "etorkizunerako oinarria" dela dio Etxeberriak: "Asko kostatutako akordioa da, bi urtez-edo aritu gara gaiari bueltaka, eta lortu dugu". Haren arabera, "garrantzitsua" da unibertsitateekin hitzarmenak egitea, formazioa "apustu estrategikoa" delako. Horrez gain, Etxeberriak esan zuen "enplegua sortzea" dela udalaren erronka nagusia, eta horretarako "ezinbesteko" tresna dela formazioa: "Enplegua hobetzeko balio du, eta baita lana lortzeko ere. Goi mailako formazioa nahi dugu herritarrentzat". Iñaki Alegriak ere hartu zuen hitza, eta hark ere "eskerrak" eman zizkion udalari, "akordioa posible egiteagatik". Alegriak gogoratu zuen UEUk hainbat formazio saio eskaintzen dituela urte guztian zehar: titulazio ofizialak, trebakuntza ikastaroak eta jardunaldiak. Azken horien barruan antolatutako saio batzuk Azpeitian izango dira datorren astean. Bakegintzaz jardunaldia Urriaren 14an eta 15ean Bakea gugandik eraikitzen. Egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermea jardunaldiak egingo dituzte Azpeitian, udalak, UEUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Saio horietan "bakea eraikitzeko prozesuan sakondu eta gizartea eraldatzeko proposamenak lantzeko oinarriak" jarriko dituzte, eta bertan parte hartuko dute, besteak beste, Iosu Chuekak, Lourdes Herrastik eta Aintzane Ezenarrok. Topaketetan parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, eta zabalik dago oraindik epea. www.ueu.eus webgunean eman daiteke. Ohiko matrikula 40 euro ordaindu beharko da; 18 eta 30 urte bitartekoek eta UEUko bazkideek 20 euro ordaindu beharko dute; eta ikasleek, langabeek eta erretiratuek 20 euro. Azpeitiarrek doan parte hartu ahal izango dute. Beste ikastaro batzuk Jardunaldi horiez gain, "lan munduarekin eta aisialdiarekin" lotutako hainbat ikastaro antolatu dituzte udalak eta UEUk elkarlanean. Leire Goenagak dioenez, "zorte ikaragarria da halako saioak eskaintzea eta jasotzeko aukera izatea". Udazkenean izango dira horiek, eta saioak azaroan hasiko dira. Honako ikastaro hauek eskainiko dituzte: Euskal Herriko oroimen historikoa. Adingabeak eta Internet: arriskuak eta nortasun digitala eta Software librea eta Ubuntu. Oraindik zabalik da ikastaro horietan izena emateko epea, eta udaletxean edo ikastaroak@azpeitia.eus helbidera idatzita egin daiteke izen-ematea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide