Tarteka, baina zikin datoz urak

Julene Frantzesena 2016ko ira. 30a, 10:29

Iturria ireki eta segundo batzuetan ur zikina iritsi izan zaie nuarbetar batzuei, tarteka. Arazoari irtenbidea eman ezinik dabiltza Gipuzkoako Urakekoak.

Herenegun Nuarbeko etxe bateko iturritik atera zen ur zikina. (Hitza) Azpeitian herrigunetik aparte badira auzoak. Horietako batean, Nuarben, dago Ibai-Eder urtegia, eta han urarekin "arazoak" dituztela esateak txantxa badirudi ere, hala da. Izan ere, urteetan, tarteka bada ere, iturria ireki eta salda koloreko ura, zikina, ateratzen zaie bizilagunei. Ura zerk zikintzen duen ezin asmatuta dabiltzan honetan, Nuarbeko auzo-alkate Patxi Gurrutxagak eta Gipuzkoako Urak S.A.ko ordezkari Mikel Zubizarretak "aldian behingo arazoaz" hitz egin dute. "Jendea, zoritxarrez, ohitzen hasia da tartean behin ur zikina ikustera, eta hori tristea da", dio Gurrutxagak. "Herenegun gauean ere zikina iritsi zen etxe batera. Iturria ireki eta segundo batzuetan zikina ateratzen da halakoetan. Badakigu arazoa  konpondu nahian ari direla, eta eskertzekoa da, baina ez dago onartzerik". Nuarbeko ur zikinen afera ez da atzokoa, ezta herenegungoa ere. Izan ere, 2012an hartu zuen Gipuzkoako Urak partzuergoak Azpeitiko uren kudeaketa, eta "ordurako" ur zikinaren kapitulu bat baino gehiago pasatu zuten nuarbetarrek. Zubizarretak dioenez, Nuarben "hainbat gabezia" zirela ikusi zuten Azpeitiko uren kudeaketa hartzean, eta biltegian ura kontrolatzeko sistema jartzeaz gain, uraren sare guztia aldatu zuten. "Ordurako esaten zuten nuarbetarrek ur zikina iristen zitzaiela. Hodietako zikinkeriagatik izan zitekeelakoan, guztiak aldatu genituen, eta denbora batez aldea nabaritu bazen ere, oraindik, puntualki, ur zikina iristen zaie". Gaiarekin "arduratuta" daudela dio Zubizarretak: "Normalean toki berean ateratzen da ur zikina. Arazoa fokalizatuta dago, batez ere, etxebizitza batean". Uraren biltegia, "garbi" Nuarbeko bidegurutzean, Beizamako lurretan, dago Nuarbeko ur biltegia. Ibai-Eder urtegia ere auzoan dute, baina hango ura Oñatz bideko araztegian garbitzen da, eta Urrestillaraino baino ez da iristen bueltan. Horregatik dute biltegi propioa Nuarben, eta hango ura tratatutakoa da. Zubizarretak azaldu duenez, deposito horretako ura "oso garbia" da, eta 2012tik egindako lagin guztiek "emaitza onak" eman dituzte. "Nuarbeko ura ezinezkoa da araztegian bezala garbitzea, eta ura zikinxeago edo garbixeago izango da egunez egun. Hala ere, mugen barruan egon behar du urak, derrigortuta gaudelako neurtzera eta zaintzera". Gurrutxaga horren jakitun da: "Ziurtatuta dago biltegi horretako ura balekoa dela. Iturritik ur zikina atera arren, depositoa garbi egoten da, eta depositoko arazoa balitz zikinduta behar luke hango urak ere". Zubizarretak ere ildo beretik hitz egin du, eta esan du "gordetegiko arazoa balitz, denei, beti, ur zikina iritsiko" litzaiekeela. "Baina ez da horrela. Kalitate aldetik, ez dago arazorik. Jendeak edaten duen urak bermea izan behar du, eta Nuarbekoak badu. Hala ere, ur zikina ateratzen da batzuetan iturritik, eta bilatu behar dugu horren zergatia, ze ur hori zikina da". Abisatzeko deia Herritarrak nahiz Gipuzkoako Urakeko kideak ur zikinaren arazoaren muina zein den ezin asmatuta dabiltza. Arazoari irtenbidea emateko, "ur zikina atera orduko" kontsortziora deitzeko eskatu du Zubizarretak. "Noraezean" daudela, eta arazoak ez duela uste konponbide erraza duenik dio Nuarbeko auzo alkateak. "Etxe batzuetakoek ez dute esaten ur zikina iristen zaienik, eta, gero, hizketan hastean azaldu izan digute. Beraz, etxe batzuetan gehiagotan eta besteetan gutxiagotan, baina ez da etxe bateko kontua". Hark esan duenez, auzoko "kota baxuenetan" ateratzen da ur zikina. Gurrutxagak dio arazoari "irtenbidea" eman behar zaiola, iturria "lasai ireki" ahal izateko. "Garrantzitsua ez da zenbatek edaten duten ur hori, edaten duen horrek ona edatea baizik.  Eta ur hori tarteka etortzen bada ere, ezin da onartu. Garbia datorrenean ona da, baina kolore horrekin ez dago edaterik. Iturriko ura edan behar dela esaten dute, baina... edan ezazu ba hori!", esan du. Tarteka, aldika, batzuetan, baina zikin doaz urak Nuarbera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide