Paradisu Zinemako zenbait kide, Soreasun (E. Albizu Lizaso)
Datorren astean hasiko dira Paradisu Zinema zine klubak ikasturte honetarako prestatu dituen emanaldiak. Beraz, zinezaleentzat bueltan da zinemaren paradisu txikia.
Aurrerantzean ere , bi astez behin, ostegunetan, 21:00etan, izango dira zine saioak Soreasu antzokian. Urtea bukatzerako lau film emanaldi eta Creative Commons jaialdia antolatu dituzte.
Urriaren 6an izango da zine klubaren lehen emanaldia, eta
Stesti (Something like happiness) ikusi ahal izango da. Urriaren 20an, berriz,
Court filma emango dute. Ondoren, azaroaren 3an,
La Giovinezza ikusi ahalko da, eta azaroaren 17an
Taxi Teheran. Film guztiak originalak izango dira eta azpitituluekin emango dituzte, "teknikoki posible denean, euskarazko azpidatziekin".
Aurreko ikasturtetik bonoa dutenek, harekin sartu ahal izango dute emanaldietara. Ez dutenek, aldiz, lau euro ordaindu beharko dute filmeko. Urtarrilean berriro jarriko dituzte bonoak salgai, eta datorren urte osorako balioko du txartelak.
Berrikuntza bat
Zine klubaren ikasturteari hasiera emango dion filma Ander Lipus antzerkigileak aukeratu du. "Ahal denean, urtean pare bat aldiz-edo, pertsona ezagunei filmak aukeratzeko esango diegu", azaldu du Maite Azpiazu Paradisu Zinemako kideak. Lipusek egingo du filmaren aurkezpena, eta emanaldiaren ondoren egingo duten solasaldian ere parte hartuko du.
"Lan txukuna"
Joan den ikasturte hasieran, urriaren hondarretan, jarri zuten martxan Paradisu Zinema, Azpeitiko zine klubak "urte nahasiak, bere tokia bilatu ezinik" igaro ostean.
Lehen urtearen balorazio "positiboa" egin du Azpiazuk. "Apustu serioa egin zen, Sanagustin kulturgunearen eta udalaren laguntzarekin, eta eskaintza oparoa osatu genuen. Talde hasiberria izateko, ekimen ederrak antolatu genituen". Taldea hasiberria eta "irekia" dela azpimarratu, eta herritarrei taldera batzeko deia egin diete.
Zine klubak antolatutako emanaldietara, batez beste, 30-40 lagun joan ziren pasatu den ikasturtean. Hala ere, Azpiazuk dio herritarrak erakartzea falta zaiela: "Jendeak pentsatzen du ‘rollo’ bat direla zine klubeko filmak, azpitituluak dituztelako eta abar. Baina hori ez da horrela eta mitoak apurtu behar dira. Kontua da bestelako filmak, komertzialak, erakargarriago egiten dituztela publizitateari eta telebistari esker, eta guri hori falta zaigu, eskaintza erakargarri egitea. Dena den, zine klubera datorrenak eta filmak ikusten dituenak, gero ez die zentzurik bilatzen bestelako filmei".
Azpiazuren aburuz, "oso garrantzitsua" da herrian zine klubaren eskaintza izatea, "herriko kultur eskaintza aberasten" duelako. "Zinema ez da soilik Hollywooden egiten dena; beraz, bestelako pelikulen eskaintza izate hutsa positiboa da oso".