Angel Otaegiren familiak kereila kriminala jarri du, hilketa argitzea eskatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko ira. 27a, 16:02

Gaur, Txiki eta Otaegi hil zituztela 41 urte betetzen diren egunean, jarri dute kereila Azpeitiko Epaitegian. Otaegiren lehengusu Mertxe Urtuzagaren izenean aurkeztu dute hilketa argitzea eskatzeko.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Mikel Elorza Otaegiren familiaren abokatua, Azpeitiko epaitegiaren aurrean. (Julene Frantzesena) Angel Otaegiren senideen kereila kriminala aurkeztu dute Mikel Elortza abokatuak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Azpeitiko Epaitegian. Mertxe Urtuzaga Angel Otaegi zenaren lehengusuaren izenean sartu dute helegitea. Gaur 41 urte dira Francoren erregimenak Angel Otaegi nuarbetar eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztar etakideak eta FRAPeko beste hiru kide –Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz– hil zituela. Ordutik "justiziarik ez" delako egin eta Otaegiren hilketaren ardurak argitzea eskatzeko jarri dute kereila. Izan ere, Etxeberriak dioenez, "hiltzaileek aurpegiak dituzte, izen-abizenak, eta batzuk bizirik daude. Beren ordaina jasotzea nahi dugu". Bide horretan, Angelentzat eta haren familiarentzat "justizia eta erreparazioa" galdegin ditu Etxeberriak. "41 urtera familiarentzat ez dagoela justiziarik aldarrikatzen dugu. Badakigu bide hau oso zaila izango dela, badakigu biktima batzuentzat ez dagoela justiziarik, eta hori adierazteko eta agerian uzteko sartu dugu kereila. Uste dugu Otaegiren hilketaren errekonozimenduak eta memoriak merezi duela bide hau hartzea". Bide "zaila" Kereila horrek Espainiako justizian egingo duen bidearekin ez dute esperantza handirik, eta emaitzik ezean, ez dute baztertzen Argentinara jotzea. Hala esan du Mikel Elortza abokatuak: "Badakigu bidea zaila dela oso. Horrelako kereilek ez dut askotan aurrera egiten, estatuak atzera bota izan ditu lehen edo bigarren instantzian. Oraingoz, bidea Argentinan dago irekita". Erregimen frankistak epaiketa militarra egin zuen Txiki eta Otaegi heriotzara kondenatzeko. Familiak askotan eskatu du sumarioa, baina ez dute eskuratu. Etxeberriak esan duenez, "oinarrizko eskubidea zapalduta dute", gaur gaurkoz ez baitakite nork agindu zuen haiek hiltzea. Horrenbestez, sumarioa ere eskuratu nahi dute kereilarekin. "Ardurak exijitu behar dira, pertsona bat hil baitzuten. Hori epaitu egin behar da", esan du. Kereila Azpeitiko Epaitegian aurkeztu ostean Nuarbera joan dira, familiakoei kereilaren kopia bat eta babesa ematera. Mertxe Urtuzaga zen kereila sartzera joatekoa, baina azken orduko arrazoiak medio ezin izan du epaitegira bertaratu. Azpeitian eta Zarautzen omenaldiak Zarautzen, urtero legez, hilerrian egin dute ekitaldia gaur, 12:00etan. Ordu berean elkarretaratzea egin dute Azpeitiko ikasleek, Sanjuandegiko biribilgunean. Bestalde, Txiki eta Otaegi omentzeko ekitaldia antolatu dute Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, urriaren 1erako, larunbaterako. Zutik dirauen herria lelopean egingo dute omenaldia, 18:00etan hasita. Horrez gain, joan den igandean, Cerdanyola del Valleseko (Katalunia) Can Catà basora martxa egin zuten herri horretako udaletxetik Txiki bertan hil zutela gogorarazteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide