Herritarren etxebizitza beharren azterketa egingo du Azpeitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko ira. 26a, 17:34

Batetik, ikerketa teknikoa egingo dute udalak dituen datuak kontrastatzeko. Bestalde, herriko 700 etxebizitzetan inkestak egingo dituzte herritarren nahiak eta kezkak ezagutzeko.

Bereziartua, Labaka eta LarraƱaga. (Julene Frantzesena) Herriko etxebizitzen inguruko datuak jasotzeko eta herritarrek horien inguruan dituzten iritziak eta beharrak ezagutzeko, azterketa egingo du udalak. Bi azterlan mota egingo dituzte datozen hilabeteetan: ikerketa teknikoa eta inkestak. Ikerketa teknikoa Gaindegia Euskal Herriko Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Behatokiak egingo du. Aitor Bereziartua zinegotziak azaldu duenez, azterketa horrekin "udalak dituen datuen kontrastea" egingo dute, "hainbat datu objektibo gurutzatuz eta ikertuz". Alor teknikoaren barruan, etxebizitza hutsen katalogazioa, herriko gazteen prospektiba sozio-demografikoa, Landeta auzoko pabilioien eta etxebizitzen erabilera maila, katalogazioa eta azterketa sozio-demografikoa eta Alde Zaharreko etxebizitzen erabilera maila, katalogazioa eta azterketa sozio-demografikoa egingo dituzte. Ikerketa teknikoaz gain, herritarrei telefono bidezko inkestak egingo dizkiete. Udalak herriko 700 etxebizitza aukeratu ditu ausaz, eta etxe horietako bizilagunei beren iritzia eskatuko die. Datozen egunetan herriko etxe guztietara gutunak bidaliko dituzte, inkestaren inguruko azalpenekin, eta datorren astean hasiko dira galdeketak egiten. Inkestak anonimoak izango dira, eta etxebizitza horretan bizi direnei dituzten beharren edo nahien eta Azpeitiko etxebizitza beharren inguruko galderak egingo dizkiete. Inkestako galderei erantzutea borondatezkoa bada ere, "herritarrei minutu batzuk eskaintzeko eta inkestako galderei erantzuteko tartea hartzeko" eskatu die udalak. Inkesten helburua da "herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzea etorkizunean etxebizitzen inguruan hartu beharreko neurriak zeintzuk diren identifikatzeko eta neurri horiek aurrera eramateko". Gazteentzat aukera Ainara LarraƱaga zinegotziak esan duenez, etxebizitza eskuratzea da "gazteen arazo nagusienetakoa". "Azpeitian, gazteen artean, hainbat hausnarketa egin dira, eta udalaren nahia da gazte azpeitiarrek bertan bizitzeko eta lan egiteko aukera izatea". Horregatik, azterketa honekin, gazteek etorkizun hurbileko etxebizitza politikan eragiteko "aukera erreala" dutela azaldu du: "Inkestetan parte hartzeko eskatzen diegu, azken finean, gazteena baita etxebizitza beharra duen kolektibo handiena". Horrenbestez, inkestak egingo diren 700 etxe horietan gazteak bizi baldin badira, galdetegia haiei egin nahi dietela esan dute. Alokairurako laguntzak Josu Labakak esan duenez, Azpeitiko Udalak "bestelako etxebizitza politika garatzeko pausoak eman" ditu. Bide horretan, etxebizitza hutsak merkaturatzeko Higiezinen Gaineko Zergan errekargoa ezarri dute eta alokairurako diru-laguntzak eskaini dituzte. Emaitzak "oso onak" izan direla adierazi du Labakak: "Azpeitiko Udala aitzindari izan da laguntza horiek eskaintzen. Azken bi urteotan 115 herritarrek jaso dute alokairurako diru-laguntza. Laguntza horrek eragina izan du herriko etxebizitza politikan; izan ere, herritar ugariri alokairua ordaintzen lagundu zaie eta hutsik zeuden etxebizitzak merkatura atera dira". Labakak gogorarazi duenez, aurtengo diru-laguntzak eskatzeko epea zabalik da urriaren 15a bitartean. Udaletxean egin behar da eskabidea, eta eskaera orriak nahiz oinarriak udalaren webgunean eta Azpeitia Berritzenen bulegoetan daude eskuragarri.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide