Azpeitiko kartzelan hil zirenen senideak, ekitaldian parte hartu duten lagunak eta erakundeetako ordezkariak plakaren aurrean. (Julene Frantzesena)
Gaur, ostirala,
Gerra Zibilaren osteko urteetan Azpeitiko kartzelan hil ziren preso errepublikanoei omenaldia egin diete Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, garai hartan kartzela zen eta gaur egun anbulatorioa den eraikinaren aurrean. Izan ere, Kanariar Uharteetako, Gaztela Mantxako eta Andaluziako zazpi gizon-emakume hil ziren Azpeitiko kartzelan urte haietan: Juan Casado Lorite, Francisco Delfa Fernandez, Francisca Galvez Vazquez, Luis Palomino Gutierrez, Juan Morales Artiles, Eusebia Delgado Perez eta Manuel Martin Martinez. Azken bi horien senideekin harremanetan jartzea lortu du Aranzadik, eta gaur Azpeitian izan dira haien oroimen ekitaldian. Dozenaka herritar ere bertaratu dira omenaldira.
Bibolin doinuz lagunduta hasi da ekitaldia, eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak hartu du aurrena hitza. "Horma hauen atzean hil ziren jasotako tratuaren ondorioz. Animalien gisa tratatu zituzten, eta beren ahotsak isildu zituzten, eta haien heriotzen erantzuleek kondenarik krudelena ezarri nahi izan zieten; ahanztura. Haiekin inor ez gogoratzea nahi zuten; haien izenekin, historiarekin, gertatu zenarekin... Memoriatik ezabatu nahi izan zituzten, mundu honetan egon izana ezabatu nahi izan zuten. Baina, zorionez, denborak bakoitza bere lekuan jarri ohi du, eta guk ez ditugu ahaztuko", esan du Etxeberriak. Haren arabera, "inoiz ez zuten duintasuna galdu": "Garai haietan beren oihuak entzun ez baziren ere, 80 urtera entzuten ditugu eta gogoratzen ditugu. Eta hitzematen dugu inoiz ez ditugula ahaztuko. Haien historia gure parte da, eta gure duintasuna osatzen dute. Hemen gaude, haiek hemen egon zirelako sufritzen, eta haien borroka gurea ere bada. Eta faxistek uste badute irabazi zutela, erratuta daude; aurrean izango gaituzte beti". Artzek idatziriko
Martxa baten lehen notak izan ditu gogoan Etxeberriak, "faxismoaren aurkako himnoa" dela esanda.
Azpeitiko alkatearen ostean, Javi Buces Aranzadiko historialariak hartu du hitza, eta espetxean hildakoak eta garai hartan bizi izan zituztenak izan ditu gogoan. Segidan, Kirmen Uribe idazle eta olerkariak poema bat irakurri du, eta haien hitzartzeen ostean oholtzara igo dira Eusebia Delgado Perezen biloba Juan Manuel Martinez eta Manuel Martin Martinezen alaba Amalia Martinez. Biek ala biek esker hitzak izan dituzte Aranzadirentzat eta Azpeitiko udalarentzat, eta negarrari eutsi ezinik hitz egin dute batak nahiz besteak.
Ekitaldia amaitzerako, Gipuzkoako Foru Aldundiko
Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendari Nagusi Maribel Vaquerok eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak oroigarri eta lore sorta bana eman dizkiete espetxean hildakoen senideei. Ondoren, senitartekoek Errepublikaren bandera kentzearekin, eta hildakoen omenez anbulatorioaren atarian jarri duten plaka desestali dute.
Hona hemen, ekitaldiko argazki bilduma:
[flickr_set id="72157673078235372"]