Azpeitiko kartzela. (Imanol Eliasen fondoa)
Espainiako Gerra Zibilaren bueltako urteetan, zazpi gizon-emakume hil ziren Azpeitiko kartzelan.
Haiei guztiei omenaldia egingo diete udalak eta Aranzadik gaur, eta hildakoen senideetako batzuk ekitaldian izango dira.
Joan den asteartean 80 urte sartu ziren tropa frankistak Azpeitira. 1936ko irailaren 20a zen. Uztailaren 18an piztu zuten gerra Espainiako Errepublikaren aurka altxatutako matxinoek, eta hilabete gutxira hartu zituzten Azpeitia eta inguruko herriak. Azpeitian ez zen gerrako fronterik egon, baina abuztuaren aurreneko egunetan, Eusko Gudarostea sortu zuten EAJk, ANVk, Jagi-jagik, ELA-STVk eta Euskal Nekazarien Batzarrak Loiolan, Franko buru zuen matxinada militarrari aurre egiteko.
Ordurako bazen kartzela bat herrian, gaur egun anbulatorioa dagoen tokian. Tropa frankistek, Azpeitira iristean, beren egin zuten espetxea.
Garai hartan ehunka preso ziren Azpeitiko kartzelan, eta zazpi gizon-emakume hil ziren gaixotuta –bat Donostiako ospitalean–. "Imajinatu zer egoeratan zeuden kartzelan... Hainbat testigantzek diote herritarrek jana edo ura uzten zietela balkoietan, presoek har zitzaten", esan du Javi Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko historialariak.
Familien bila
Aranzadik atera ditu hildako presoen arrastoak; izan ere, Gerra Zibileko eta frankismo garaiko ikerketekin hastean jakin zuten Azpeitiko kartzelan preso errepublikanoak izan zirela.
Bucesek dioenez, "lan gogorra" izan da, eta "artxibo ugari" kontsultatu behar izan dituzte: "Azpeitian hil ziren, baina orduan ere bazen dispertsioa, eta presoak Andaluziakoak, Kanariar Uharteetakoak eta Gaztela-Mantxakoak ziren. Artxibo lanak egiten eta haien senideak bilatzen aritu gara". Memoria historikoa lantzen duten hainbat elkarteren laguntza izan dute senideak bilatzerakoan.
Bi familia aurkitu dituzte: Eusebia Delgado Perezena eta Manuel Martin Martinezena. "Batzuk Sevillan bizi dira, eta besteak Katalunian. Andaluzian errepresio oso gogorra bizi izan zuten garai hartan, eta preso askoren familiek ihes egin zuten".
Familiekin harremanetan jartzea "hunkigarria" izan dela dio Bucesek: "Gehienek ez zekiten ezer senideez. Andaluzian, adibidez, los apestosos ziren errepublikanoak, eta jendeak isilik gorde ditu garai haietako kontuak".
Azpeitiko Udalak eta Aranzadik memoria historikoa lantzeko hainbat ikerketa egin dituzte azken urteetan, eta azken hau ez da lan isolatua. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak dioenez, "beharrezkoa da" halako lanak egitea: "Pasatutakoei begirada kritikoarekin begiratu behar diegu, aitortu behar dugu sortu zen mina, batez ere, ikasteko etorkizunean halakorik ezin dela gertatu". Harremanetan jarri diren bi familietako kideak Azpeitian izango dira gaur, eta haietako birekin hitz egin du Hitzak.
"Bihotzez" eskertuta
Azpeitiko kartzelan hildako zazpi presoetako bat zen Eusebia Delgado Perez (El Madroño, Sevilla, 1891). 49 urterekin hil zen, endokarditisaren ondorioz. Meatzari sozialista eta errepublikano baten emaztea zen.
Zazpi seme-alaba izan zituen Delgadok, eta haren alaba Doloresen semea da Juan Manuel Martinez (Sevilla, 1947). Juan Manuelek ez zuen amona ezagutu, baina amari esker badaki zer gertatu zen harekin: "Nire amak negar asko egiten zuen amarekin oroituta, asko aipatzen zuen. Horrela izan dut nik amonaren berri".
Martinezek dioenez, Eusebiaren "delitu" bakarra zen "errepublikanoen ama eta emaztea izatea". "Biktima bat gehiago zen, eta haren senide ugari hil zituzten. Eta nire amak ihes egin ez balu, hura ere hil egingo zuketen. Sarraski izugarria egin zuten El Madroñon".
Eusebiaren seme-alabek ama Azpeitian zutela preso "soilik" zekiten: "Ez zekiten ezer hari buruz, ez zuten harekin harremanik, eta, garai hartan, ez zuten Sevillatik mugitzeko aukerarik". Horrez gain, Eusebiari Azpeitiko kartzelan izena aldatu ziotela dio Juan Manuelek: "Cristina-edo jarri zioten izena. Gerora jakin dugu hori, nahastea egon delako. Beraz, nola jakingo zuten zerbait Eusebiaren seme-alabek...".
Gaurko ekitaldian izango da Martinez beste hiru lehengusurekin batera; Azpeitira bidaiatzen duten aurreneko aldia da. Hark dioenez, betidanik izan du Azpeitira etorri eta gaia ezagutzeko kuriositatea, baina... "Ez genekien ez nora jo eta ez nori galdetu, eta hortxe geratu izan da kontua. Aitortza hau ikaragarria da guretzat".
Azpeitiko Udalaren deia "pozgarria" izan zela dio: "Lan handia egin dute. Jakitun naiz memoria historikoa lantzeari zangotrabak jarri izan dizkiotela. Asko kostatu da egia jakitea, gertatutakoa ezagutzea, eta lan honek betetasun handia eman digu. Horrenbestez, gaur Azpeitian gara egindakoa bihotzez eskertzeko".
"Jarrai dezatela aurkitzen"
Manuel Martin Martinez (Linares, Jaen, 1907) ere Azpeitiko kartzelan zela gaixotu eta Donostiako ospitalean hil zen. 1940an 12 urte eta egun bateko espetxe zigorra ezarri zioten, eta, 1941eko martxoan eraman zuten Azpeitiko kartzelara. Handik urtebete baino gutxiagora hil zen, biriketako tuberkulosiaren eraginez.
Sei seme-alaba izan zituen Manuelek. Amaliak (La Carolina, Jaen, 1937) hiru urte zituen Guardia Zibilak etxera sartu eta aita eraman zutenean. "Afaltzen ari ginen, eta amak esan zien afaltzen uzteko aitari. Noski, ez zioten utzi. Irudi hori iltzatuta daukat. Anai-arrebok txikiak ginen. Aita politikan aritzen zen, sozialista zen, eta horregatik hil zuten; hitz egiteagatik".
Aitaren espetxeratzeak eta haren heriotzak eragin izugarria izan zuen Martin-Pizarroso sendian. Hala dio Amaliak: "Oso-oso gaizki pasatu genuen, eta asko sufritu dugu. Ez dago imajinatzerik zer pasatu genituen... Aita hiltzean, ama estraperloan hasi zen, bizirauteko. Sos batzuk bildutakoan Bartzelonara joan ginen bizitzera, baina han ere zer miseria pasatu genuen".
Bizitza guztian "aita ezagutu ez izanak" jazarri duela dio Amaliak. Aitaren lorratza ateratzean, Amaliaren ahizpa batekin jarri ziren harremanetan Aranzadikoak, baina hark "ez zien sinetsi" esandakoa: "Behin baino gehiagotan deitu zioten aitaren arrastoa atera zutela esanez. Azkenean, Kataluniako Generalitatetik gutun bat bidali zioten, eta orduan sinetsi zuen".
"Behea jo nuen", dio Amaliak negarrari eutsi ezinik. "Inoiz ez nuen pentsatu halakorik egingo zenik. Zirrara, emozioa daukat. Filmetako kontuak dirudite, baina eskertzekoa eta behar-beharrezkoa da halako lanak egitea. Zerbaitegatik hil zirela esaten dute, baina hil egin zituzten eta argi esan dezatela".
"Jarrai dezatela aurkitzen eta atera daitezela kasuak argitara, herritarrek jakin dezaten zer injustizia egin zituzten", galdegin du Amaliak.
Zazpi gizon-emakume hil ziren Azpeitiko kartzelan, eta biren familiak aurkitu dituzte. 80 urtera, baina ahanzturaren amarrutik ihes egin dute.