Egoitz Arruti: "Gustatzen zait hitzekin jolastea, eta terapia egiteko ere balio dit"

Julene Frantzesena 2016ko ira. 20a, 09:48

Argazkietan oinarritutako testu laburren ArgiHizkiak lehiaketaren 5. edizioan Mikel Aiertzak (Aizarnazabal, 1975) eta Egoitz Arrutik (Azpeitia, 1980) idatzitako testu bana aukeratu du epaimahaiak.

Egoitz Arruti iazko erakusketan, bere testuarekin. (Eider Bereziartua) Argazkietan oinarritutako testu laburren ArgiHizkiak lehiaketaren 5.  edizioan Mikel Aiertzak (Aizarnazabal, 1975) eta Egoitz Arrutik (Azpeitia, 1980) idatzitako testu bana aukeratu du epaimahaiak. Arrutik hirugarrenez hartu du parte lehiaketan. Zure testua argazki bat laguntzeko aukeratu dute, beste behin. Lehiaketa horretan parte hartu dudan hiru aldietan aukeratu dute nik idatzitako testuren bat.  Hamar argazki laguntzeko launa testu aukeratzen dituzte –18 urtez azpikoek sortutako bi eta 18tik gorakoek egindako bi–, eta aurten ere onenen artean sartu da nire testu labur-laburra. Zer ikus daiteke testua egin diozun argazkian? Argazkia oso gertutik dago aterata. Fruta batetik ur tanta bat ateratzen da, eta tanta hori beheraka doan heinean, bitan banatzen da tanta hori. Horrez gain, eguzkiaren erreflexua ikus daiteke argazkiaren alde batetik sartzen. Zer hitz jarri dizkiozu irudiari? Ur tanta bat izatetik bi izatera igarotzea aurreneko musuarekin alderatu nuen. Testu labur-laburra idatzi nuen argazki horrentzat. Zer du berezia ArgiHizkiakek? Asko gustatzen zait, batetik, argazki batetik hasita istorio asko sor daitezkeelako. Izan ere, argazkia berak ardatz asko izan ditzake, begiratzen dudan unearen arabera. Bestetik, asko atsegin dut hitzekin jolastea. Kasu honetan hitz kopurua oso mugatua izanik, ongi aukeratu nahi izaten ditut erabiltzen ditudan hitzak. Batzuetan lortzen dut nahi dudan hori esatea; gehienetan, ez. Beste lehiaketaren batean hartu al duzu parte inoiz? Beste batean ere hartu nuen parte orain dela urte batzuk. Lehen, Maite dut irratia lehiaketa izaten zen Euskadi Irratian. Jendeak irratiaz idatzitako testuak bidaltzen zituen eta gustukoenak irakurtzen zituzten. Egunero zain egoten nintzen, nik egindako testua noiz irakurriko...  Halako batean irakurri zuten nirea, eta izugarrizko ilusioa egin zidan. Gustuko al duzu idaztea? Bai, oso. Gustatzen zait hitzekin jolastea, eta terapia egiteko ere balio dit.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide