Lagun Onak futbol taldeak ezin hobeto hasi du denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko ira. 20a, 09:25

Lau neurketa jokatuta, Hirugarren Mailako sailkapenaren bigarren postuan da Azpeitiko taldea. Hainbat aldaketa izan dira taldeko jokalarien artean.

Amurrion aurkako partidako irudia. (J.M. Alday) Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak futbol taldeak bide onetik hasi du 2016-2017 denboraldia. Izan ere, lau partida jokatuta, Alaves Bren atzetik, bigarrena da sailkapen nagusian. Tolosaren aurka hasi zuen denboraldia Pablo Turrillasen taldeak, eta 0 eta 1 nagusitu zen Lagun Onak. Bigarrena Soduperen aurka jokatu zuten, eta 1 eta 0 nagusitu zen Azpeitiko taldea. Hirugarrenean kale egin zuten, 2 eta 1  nagusitu baitzen Reala B. Joan berri den asteburuan jokatu dute denboraldiko laugarren neurketa Amurrioren aurka, eta 2 eta 0 nagusitu zen Lagun Onak. Joanes Otamendik sartu zituen partidako bi golak, lehen zatiko 7. minutuan bata eta bigarren zatiko 4. minutuan bestea. Aurre-denboraldiko emaitzak tarteko, "sentipen txarrekin" hasi zutela denboraldia dio Oinatz Elustondo jokalariak: "Aurre-denboraldi ona egin genuen, baina emaitzak ez ziren halakoak izan. Golik ez genuen sartu. Gainera, Hernaniren aurka etxean jokatu genuen liga hasi aurreko azken partida , eta 2 eta 0 galdu genuen. Horrez gain, min hartuta daude jokalari batzuk, eta horrek ere...". Hala ere, liga hasi eta sentipenak aldatu egin zaizkie jokalariei. Hala dio Elustondok: "Ondo jokatzen ari gara, eta golak ere iritsi dira. Lau partida jokatu eta hiru irabazi ditugu, eta galdu genuen partidan ondo jokatu genuen". Fitxaketak eta agurrak Batzuek joan eta besteak etorri. Futbolaren errealitatearen beste zati bat da hori, eta Lagun Onaken ere izan dira aldaketak. Honako fitxaketa hauek egin ditu Lagun Onakek: Unai Larrañaga atezain azpeitiarra, Ander Moia durangarra eta Iker Vicente eta Jon Arzamendi donostiarrak. Horiez gain, aurre-denboraldia eta entrenamenduak lehen taldearekin egin dituzte Xabier Geretak, Gorka Ariñok eta Andoni Peñagarikanok. Iazko denboraldia bukatuta,  Azpeitiko taldean segitzen ez duten jokalariak ere badira, hala nola Real Unionek fitxatu duen Ignacio Otaño, Eibar Bk fitxatu duen Alex Aizpuru, Deustorekin fitxatu duen Xanet Basterretxea eta Elgoibarrera joan den Ivan Garcia. Ander Urdangarinek, Haritz Alberdik eta Asier Goikoetxeak, berriz, futbola utzi egin dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide