Bertan Merkatari Elkarteak 'Berti' izeneko maskota aurkeztu du

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko ira. 15a, 10:13

Azpeitiko merkatari elkarteak Lantz Unanuek egindako diseinua aukeratu du maskota gisa

Bertan Merkatari Elkarteko kideak, eta, erdian, Lantz Unanue, maskotaren egilea (Julene Frantzesena). Bertan Merkatari Elkarteak maskota izango du aurrerantzean. Berti izena jarri diote Lantz Unanue Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak egindako irudiari. Bertanek, maskota behar zuela eta, herriko ikastetxeetako LH 6. mailako eta DBH 1eko ikasleengana jo zuen, eta Unanuek sortutakoa aukeratu du elkarteak. Erosketa poltsa bat da maskota, "alaia, positibismoa iradokitzen duena", elkarteko ordezkarien hitzetan. Eskuz egindako diseinua euskarri digitalera eramatearen ardura, berriz, Eregi komunikazio enpresak izan du. Urte hasieran heldu zioten maskota bat sortzeko asmoari Bertanen. Hasieran "jendaurrean elkartea ordezkatu eta herriko dendarien identifikazioa erraztuko zuen irudi moduan" planteatu zuten. Ideia lantzen joan ahala, ordea, maskota batek eskaini zitzakeen "aukerak" ikusi zituzten. "Ekintzak iragartzeko erabiltzen ditugun karteletan eta sare sozialetan izan dezakeen erabilera, maskota fisiko bat sortu eta Azpeitiko kaleak animatzea, edota maskotaren inguruan sor daitezkeen dinamizazio ekintzak" daude maskota sortzeko aipatu dituzten arrazoien artean. Asteburuko Azoka Herritik egitasmoaren barruan, umeek Berti margotu eta txapa bilakaturik etxera eramateko aukera izango dute. Ostiralean izango da hori, 18:00etan, Alberdieneako aparkalekuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide